Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 2

Parlamentuak uko egin dio Ana Ollo gaitzetsi eta Álvaro Baraibarren dimisioa eskatzeari

Gobernuak ETAren biktimekin izandako harremanez egia ez esatea egotzi die PPNk kontseilariari eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiari

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo “Nafarroako Gobernuak ETAren terrorismoaren biktimekin izandako harremanari buruz egia ez esateagatik” gaitzesteko proposamena.

 

Ezetsitako mozioak, bigarren puntuan, “Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Álvaro Baraibarren dimisioa” eskatzea proposatzen zion Nafarroako Parlamentuari.

 

Halakorik gertatuko ez balitz, hauxe eskatzen zuen: “Nafarroako Parlamentuak Uxue Barkos lehendakaria eta Ana Ollo kontseilaria premiatzea hura kargutik ken dezaten”. Horri ere ezezkoa eman zaio.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak sustatutako mozioaren zioen azalpenean argudiatzen zenez, “Ezin da Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusia barnean hartzen duen departamentuaren buru izan ETAren biktimak gutxietsi eta bere interes politikoetarako erabiltzen dituena, biktima horiekiko hartu-emanei buruz eta biktimak direla-eta izan duen jokabideari buruz gezurretan dabilena, aditzera eman nahi izan ez duena biktima gehienek ezetza eman diotela Gobernuarekin ekitaldi publiko batean parte hartzeari”.

 

Proposatzailearen iritziz, Ana Ollok eta Álvaro Baraibarrek departamentuaren eta Bakearen eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren jarduerari buruz egin duten balantzea “erdizkako egiez, gezurrez eta desitxuratzeez” gainezka dago.

 

Horren haritik, “ETAren biktimak beste indarkeria batzuen biktimen pare” jarri direla salatzen zen mozioan. “Urtebete baino gehiago da haiei omenaldi edo errekonozimendu bakar bat egin gabe. Kontu-sail berezirik ere ez daukate Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, beste indarkeria batzuen biktimek ez bezala”, gehitzen zen.