Parlamentuak uko egin dio Bardeako tiro-poligonoa desegitearen alde jartzeari
EH Bilduk proposatzen zuen Estatuko gobernuari eskatzea indargabetu dezala Bardeako tiro-poligonoak hartzen duen eremua defentsarako lehentasunezko interesgune izendatu zuen dekretua
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPN, PSN, PPN, Talde Mistoa eta atxiki gabeko parlamentarioaren aurkako botoekin, eta EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin, ezetsi egin du Nafarroako Parlamentua “Bardeako tiro-poligonoa desegitearen alde” agertzen zen mozioa; izan ere, «Espainiako armadak eta NATOko kide diren armadek erabiltzen dute Bardeako tiro-poligonoa, gero beste leku batzuetan kalte konponezinak eragiten eta milaka pertsona beren etxeak uztera behartzen dituzten gerrak entseatzeko gure lurraldean».
Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan, orobat, Parlamentuak «bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen mesedetan, aldarrikatzen zuen Bardeako Batzarraren eta Defentsa Ministerioaren artean indarrean dagoen kontratua ez luzatzea».
Bestalde, Estatuko gobernuari eskatzen zitzaion «Bardeako tiro-poligonoak hartzen duen lurraldea Defentsarako lehentasunezko interesgune izendatu zuen dekretua indargabetu dezala».
Azkenik, eta Geroa Baik eskatuta (EH Bilduk gehitzeko zuzenketa onartu duelako), "Nafarroako Bardearen garapen sozioekonomikorako aukerei buruzko ikerketa bat egiteko" eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari, "poligonoa inguratzen duten entitateek une honetan dituzten diru-sarrerei alternatiba bat eskaintzeko".
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak bultzatu duen mozioak argudiatzen zuen azpiegitura militar horrek, Bardeako eremuko eredu sozioekonomiko tradizionala hondatzeaz gain —historikoki artzaintzarako eta nekazaritzarako herri-lur modura kudeatu izan da—, parke naturalaren berezko ingurumen-babeseko araudia bortxatzen duela, eta berrogeita hamar kilometro baino gehiagoko aireko erradioan etengabeko ingurumen- eta segurtasun-arriskua sortzen duela.
Era berean, salatzen zuen interes militarrak nagusitu direla «zuzenean kaltetutako herriei inoiz kontsultatu gabe», eta gehitzen zuen tiro-eremuak bere horretan jarraitzeak «Nafarroako gizartearen borondate demokratikoarekin eta bakezaletasunarekin aurrez aurre talka egiten duela».
Talde proposatzaileak ondorioztatzen zuen tiro-poligonoak «foru-lurraldea nazioarteko zuzenbidea urratzen duten kanpo-gerrak entseatzeko lekua bihurtzen duela, eta, beraz, Nafarroako herritarren gehiengoak bakearekiko, elkarrizketarekiko eta gatazken konponbide baketsuarekiko duen konpromisoari kontra egiten diola». Horrenbestez, «premiazkoa eta beharrezkoa» ikusten zuen erakundeak saia daitezela kontratua berritzea galarazten eta instalazio militarraren behin betiko desegitea exijitzen.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioaren argitalpena (48. NPAO, 2026-05-08koa)
Archivos adjuntos