Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Abenduak 13

Parlamentuak ‘Hutsik’ erakusketa inauguratu du, Iñako Redinek alkoholismoaren eta etxeko indarkeriaren arazoari buruz egindako argazki sorta

Parlamentuko atalondoan abenduaren 27ra arte zabalik egonen den erakusketak irudiak eta esaldiak uztartzen ditu tratu txarren eta adikzioaren errealitate ezkutua sendo islatzeko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian Hutsik argazki erakusketa inauguratu du, alkoholismoaren eta etxeko indarkeriaren arazoa nabarmentzera bideratua, Suedia abiapuntu eta Nafarroa helburu duten irudi eta esaldien konbinazioaren bitartez.

 

Hasierako hitzaldian, erakusketa “desberdin” honen edukiaren testuingurua azalduz, Unai Hualdek esan du asmoa dela izaera sozialeko arte adierazpenei bide ematea, eta hain zuzen ere erakusketa honek sufrimenduaz, minaz, bakardadeaz, adikzioez edo osasun mentalaz mintzatzen zaizkigun beste batzuen ildoari jarraitzen diola, tartean dela “Eduardo Galeanoren Los nadies poema erreferentzia hartzen zuen hura”.

 

Lehendakariak Iñako Redinen trebetasuna txalotu du “argazkiaren bidez gogoeta eragiteko”, izan ere “argazkia bitarteko ezin aproposagoa baita uneak aztertzeko eta gauzak, paisaiak edo zantzuak ikuspegi kritiko batetik ikusteko. Irudien xehetasunei eta mezuen esanahiari so gelditzera bultzatzeko trebezia hori kasu honetan edozein motatako abusuen aurrean erne ibiltzeko deia ere bada. Inor-ez askoren pentsamenduak irudikatzen dira lata eta botila hutsen bidez. Eskerrik asko”.

 

Jarraian, Iñako Redin argazkigileak eskerrak eman ditu Parlamentuak aukera eman diolako Hutsik argazki sorta erakusteko, “min ezkutua” gordetzen duten ontzi abandonatuekin egindako lan zorrotzaren emaitza. Elkarrengandik hain urruti dauden tokietan, Suedian eta Nafarroan, botiloi gutxi-asko jendetsuen hondarrak analizatzera eraman duen arazoaren konponbidearen bila lan egiteko deia egin du.

 

“Proiektu hau Gävlen abiatu zen, Suediako iparraldean, Itsaso Baltikoaren ertzean. Herrialde horrek ezkutatzen dituen alkoholismoaren eta etxeko indarkeriaren berri jakin nuen. Hiriko parkeetan paseoan ibiltzen nintzenean botila eta lata hutsak aurkitu ohi nituen han eta hemen ezkutatuta, eta hori adierazgarria da alkohola erostea zaila eta garestia den toki batean. Nafarroara itzulitakoan halakoen bila jarraitu nuen eta bururatu zitzaidan argazkiak esaldiekin uztartzea, irudi sendoak egitea tratu txarrei eta adikzioari buruzko mezu polisemikoez lagunduta. Egunean zehar kaleak, parkeak, plazak eta aparkalekuak bisitatzearen emaitza da erakusketa. Lata eta botila horiek iradokitzen zuten istorioa idazten saiatu naiz eta beste errealitate bat aurkitu dut, ezkutuko mina alegia”, nabarmendu du Redinek.

 

Inaugurazioari amaiera emateko, Iñako Redinek gidatutako ibilbidea egin da. Argazkigilea bera izan da erakusketaren koordinatzailea.

 

Hutsik erakusketan 25 argazki bildu dira, bi hizkuntzatan idatzitako testu polisemiko laburrekin batera. Erakusketa abenduaren 27ra arte egonen da zabalik legebiltzarraren egoitzako atalondoan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.

 

Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu lehendakariorde lehena, Mikel Zabaleta bigarren idazkaria, Kevin Lucero (PSN) eta Mikel Asiain (Geroa Bai).