Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urtarrilak 23

Parlamentuak “Bizitza maleta batean” inauguratu du, gerrak Ukrainako haur eta emakumeengan duen eragina kontatzen duen erakusketa kolektiboa

Otsailaren 2ra arte egonen da jendearentzat ikusgai. Erakusketa Salestarren Misioen proiektu baten parte da, eta Legebiltzarrak finantzatu du Garapenerako hezkuntzarako egiten duen deialdiaren esparruan

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian inauguratu du Bizitza maleta batean erakusketa. Salestarren Misioek koordinatu eta Edu Leónek zuzentzen duen argazki-bildumak ikuslea Ukrainako gerratik ihes egiten duten milioika pertsonaren –batez ere adingabeak eta emakumeak– errealitatera eramaten du.

 

Hasierako hitzaldian, Unai Hualdek Garapenerako hezkuntzako proiektuetarako –kasurako, erakusketaren oinarri den Salestarren Misioena – laguntzen deialdia aipatu du, egiaztatze aldera Nafarroako Parlamentuak giza eskubideak babestearekin eta edozein urraketa salatzearekin duen “konpromiso irmoa”. Mota horretako ekimenek lagundu egiten digute gerraren basakeria ikusarazi eta horretara hurbil gaitezen. Lehendakariak berretsi duenez, era horretako jarduerak sustatzen, saritzen eta diruz laguntzen jarraituko dugu”.

 

Testuinguru horretan, eta Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik bi urte betetzear daudenean, Unai Hualdek azpimarratu du “fotokazetaritzaren indarra eta ahalmena” guk geuk bizi dezagun “giza drama hori, zeina hildakoz eta desplazatutako pertsonaz beteta baitago, edo Ukrainak Moldavia, Polonia eta Errumaniarekin dituen mugetan errefuxiatuta dauden pertsonaz”. Iaz, egunero 18 pertsona hil ziren Espainiara heltzeko ahaleginetan, horien artean 384 haur. Ukrainakoa drama hurbil samarra da, eta beste leku batzuetara estrapolagarria da, esate baterako, Palestinara, non basakeria eta izua ere agerian baitaude”.

 

Amaitzeko, lehendakariak eskerrak eman dizkie egileei eta erakusketa sustatzen duen elkarteari, eta herritarrei dei egin die “Legebiltzarraren egoitzara hurbil daitezen”, horrela “Nafarroatik ekarpena egiteko gerraren aurkako gizarte-arrazoibideari, gure Komunitatea solidarioa eta abegikorra baita”.

 

Jarraian Salestarren Misioen iparraldeko zonaldeko koordinatzaile Óscar Pérezek eskertu du Parlamentuak “Bizitza maleta batean” erakusteko aukera. Izan ere, erakusketa behaketa- eta salaketa-lan xehe baten emaitza da, lau herrialdetako lau artistek egina, testigantza eman eta konponbide bat premiatzeko asmoz, ahaztua izateko arriskua duen gatazka baten aurrean.

 

“Ukrainatik lekualdatutako populazioaren egoera irudikatu eta gogorarazi nahi izan dugu. Populazio horretatik gehienak Poloniako mugan zehar ihes egin zuen Europako estatuetarantz, Espainia barne, eta Nafarroan ere geratu ziren. Munduko leku gehiagotan ere egoera bidegabe eta ankerrak sortzearen aurrean, arriskua da horretaz ahaztea. Gaurkotasunak agintzen du, baina lekualdatuta egon zein egon gabe, ukrainarren tragediak badirau” adierazi du Pérezek.

 

Inaugurazioari amaiera emateko, Edu Leónek gidatutako ibilbidea egin da. Argazkigilea bera izan da erakusketaren koordinatzailea.

 

Bizitza maleta batean erakusketa Olmo Calvo, Bruno Thevenin, Ioana Moldovan eta Edu Léon fotokazetarien 56 irudiz osatuta dago (14 egile bakoitzeko, gehi Salestarren Misioen hiru, 50 x 75 cm-koak), azalpen-testu labur batekin batera, zeinak, aldi berean, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan izan den tragedia humanitario handienari buruz gogoeta egiteko balio baitu.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai, otsailaren 2ra arte, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 20:00etara, ostegunetan izan ezik; eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.

 

Ohi bezala, erakusketa hau Kultur Atrio programan kokatzen da, 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak sustatua bere ateak askotariko adierazpen artistiko eta dibulgaziozkoei irekitzeko eta babesa emateko.

 

Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Han izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, lehendakariorde lehena, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Leticia San Martín (UPN) Ramón Alzórriz (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Irene Royo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin), Maite Nosti (Vox) y Patxi Vera, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa.