Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Apirilak 10

Parlamentuan ‘Desagerpenaren fenomenoa Nafarroan’ gaiari buruzko jardunaldi bat egin da, Foruzaingoak antolatua

Hualdek agintarien eta segurtasun-indarren arteko koordinazioa hobetzearen alde egin du, eta Foruaren Hobekuntza egokitzeko dei egin du, Foruzaingoa eskumen osoak dituen erreferentzia-kidegoa izan dadin

Nafarroako Parlamentuan jardunaldi bat egin da, goizean goiz hasita, Desagerpenaren fenomenoa Nafarroan gaiari buruz, Foruzaingoak antolatua. Bertan azpimarratu da beharrezkoa dela agintarien eta polizia-kidegoen gidalerroei men egitea, segurtasun indar eta eskala administratibo desberdinen arteko lankidetza abiapuntu hartuta, jarduketa-protokoloen koordinazioa eta funtzionamendua hobetzeko.

 

Halaxe mintzatu da Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde saioaren irekieran, eta, horrez gain, azpimarratu du “herritarrei polizien eta larrialdietako, prebentzioko edo babes zibileko beste zerbitzu batzuen –suhiltzaileak barne– jardunaren inguruko xehetasunen berri emateak” daukan garrantzia.

 

Horri dagokionez, lehendakariak adierazi duenez, “gaur egun, gure telefonoen eta sare sozialen bidez dugun informazio andana edukita, zaila egiten da ulertzea pertsona bat desager daitekeela, baina jakina da oraindik ere gaurkotasun handiko arazoa dela. Espero dugu jardunaldi honek balio izatea prebentzioaren bidea bultzatzeko eta desagerpenen inguruabarrak eta arrazoiak –askotarikoak badira ere– ulertzen laguntzeko”.

 

Horiek horrela, eta Foruaren Hobekuntza gaurkotzeko ponentziaren harira, zeina laster hasiko da lanean, Unai Hualdek hizpidera ekarri du “azken legegintzaldietan formalizatutako gehiengo parlamentarioaren” nahia, agerian jartze aldera “Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa egokitzeko beharra, baita Foruzaingoari dagokionez ere, eskumen osoak dituen erreferentzia-kidegoa baita. Lanean jarraitu beharko dugu”, esan du lehendakariak amaitzeko.

 

Jarraian, aurreikusitako bost ponentzietako lehenari ekin zaio; hain zuzen, Pertsonen Kontrako Delituen Brigadako agente lehen Pablo de la Fuentek emandakoari. Bertan, bizi-desagerpenei buruzko iritzia eman du, desagerpenaren fenomenoa Nafarroan aintzat hartuta.

 

Jarraian (09:45-10:45), Desagertuen Zentro Nazionaleko zerbitzuburu Marcial Bravok eta erakunde horretako Araudi eta Ikerketak Saileko atalburu Julio Pavónek Desagerpena Espainian gaia jorratu dute, bereziki ikuspuntutzat hartuz galduta dauden pertsonen gaineko informazioa koordinatzeko ardura duen entitatean duten jardun profesionala.

 

Ondoren (10:50-11:30), Nafarroako Zerbitzuko suhiltzaile Roberto Bravok Pertsonak bilatzeko dispositiboak azaldu ditu, eta ondoren Ertzaintzaren Koordinazio eta Lankidetza Unitateko komisario nagusi Hugo Carlos Prietok Arrazoi kriminalengatiko pertsona-desagerpenak gaiari heldu dio (12:00-12:40).

 

Besarkada elkarteko Elena Aisak Jokaera suizida aztertu du (12:45-13:25) eta horren ondoren hizlari guztien arteko mahai-inguru bat egin da (13:30-14:30), Foruzaingoko lehen agente Ignacio Alli moderatzaile eduki duena, Prebentzioa desagerpenaren fenomenoan gaiaren inguruan.

 

Amaiera emateko, Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusi Salvador Díezek parte hartu du (14:30).

 

Besteak beste, honako hauek bertaratu dira jardunaldira: Marta Álvarez (UPN talde parlamentarioa); Ainhoa Unzu eta Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa); Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa); Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa); Javier García (PPN talde parlamentarioa); Carlos Guzmán (Contigo Zurekin talde parlamentarioa), eta Maite Nosti eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).