Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Azaroak 25

Parlamentuan aurkeztu da ‘Bide urratzaileak: emakumeak pankartaren atzean’, Pioneras-Festa los de Bronce saileko bosgarren dokumentala

Unai Hualdek deia egin du atzera begira jarrita bistaratu eta aintzat hartzeko “indarkeria sinbolikoa besterik ez ziren jai tradizio eta ohitura batzuei” aurka egin zieten emakumeen lan aitzindaria

Nafarroako Parlamentuan aurkeztu da, gaur arratsaldean, Pioneras-Festa los de Bronce saileko bosgarren dokumentala, jai guneetako berdintasunari buruzko eztabaida herritarren artean pizten lagundu duten emakumeen istorioen bilduma. Horrela, Legebiltzarrak Azaroaren 25eko ospakizun “hain garrantzitsu” honetan bere ekarpena egin nahi du, “atzera begira jarrita, bistaratu eta aintzat har dadin indarkeria sinbolikoa besterik ez ziren tradizio eta ohitura batzuen aurkako borrokan egindako lan aitzindaria”.

 

Hala adierazi du Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualdek. Berarentzat, “Gemma, Txus, Maite, Mirenjo, Arrosa, Agurne eta Orreagaz hitz egitea aitzindari batzuez hitz egitea da; 1978ko sanferminetan, duela 44 urte, emakumeen lorontzi rolari amaiera ematen saiatu ziren haietaz”; artean peñetako amabitxiek betetzen zuten rol hori. “Ohartu gabe, erabakigarriak izan ziren festa berdinzaleagoak eraikitzen has zitezen. Egia esan, asko egin dugu aurrera, baina beste horrenbeste dago egiteko. Sanferminetan eta urte osoan”.

 

Testuinguru horretan, “lehen normaltzat hartzen ziren eta oraindik ere normalak iruditzen zaizkigun kontu asko ez dira inondik ere halakoak”, azpimarratu du lehendakariak, eta eskatu du errotik ezaba dadila “tradizioz edo ohituraz mozorrotutako matxismoaren arrasto oro, eta, immobilismo eta negazionismo berriei aurre eginez, arduraz jokatu eta jarraibidea” eman dadila.

 

“Bagoaz urratsak egiten, nahiz eta, aldi berean, zenbait atzerapen ere ikusten diren. Hain zuzen ere Kongresuan ikusten ditugu, diskurtso matxista eta oldarkor batzuetan; honezkero gainditua izan behar genuke haien dialektika. Baina ez da ahaztu behar gu gehiago garela. Parlamentu hau gizarte sarearen isla da, eta berdintasunezko hezkuntzaren inguruko erabateko adostasunagatik nabarmentzen da. Indarkeria matxistaren aurka kontzientziatzeko eta borrokatzeko politikak, legeak, kanpainak eta ekimenak bultzatu behar dira. Eta, jakina, irmo eutsi, kontua ez baita ezetz dela ezetz edo soilik bai dela baietz”.

 

Lehendakariak, azkenik, eskerrak eman dizkie Marga Gutiérrez zuzendari eta gidoigileari eta Festa los de Bronce elkarteari eta peñari, Parlamentua aukeratu dutelako dokumentala aurkezteko. Halaber aipamen berezia egin zaie Patricia Amigoti eta Generoa, Emakumeak eta Berdintasuna unibertsitate masterra bultzatu duten gainerako emakumeei. “Gizarteari kalitatezko beste ekarpen bat egin diote, hilketa matxista bakoitzaren basakeria zur eta lur ikusten ari garen honetan, dagoeneko 38 baitira aurten. Parlamentu honek heriotza bakoitza salatzeko elkartzen jarraituko du. Errotik ezabatu behar dugu gaitz hau. Eskerrik asko”.

 

Segidan, Javier San Gregorio eta Nerea Hualde, Los de Bronce Kirol eta Aisia Elkarteko zuzendaritza batzordearen izenean, harro agertu dira “gaur eta hemen hainbeste kargudun publiko eta Peñen Federazioko kide ikusteaz; denak engaiaturik daude Iruñeko festetan giroa eraldatu eta askatasun eta errespetuzko espazioak sendotzera bideratutako ekintzak sustatzearen alde… Eta beste horrenbeste Nafarroako edozein tokitan”.

 

Oraindik bizirik dirauten “arau patriarkalak” baztertzeko irrika horretan, San Gregorio eta Hualdek gogora ekarri dituzte “feminista haiek, Iruñeko gizartea ispiluaren aurrean jartzen ausartu zirenak. Eta erakutsi ziguten nola, ohitura eta usadioen aitzakian, gizon eta emakume guztionak diren jaiak antolatzeko eta jaietan parte hartzeko eskubidea mugatzen zitzaigun. Indarkeria fisikoaz eta sinbolikoaz ari gara, duela ia mende erdi sanferminetako erasoen aurka altxatu ziren emakumeez, eta oraindik ere badugu haien inplikazioaren beharra. Haien eredua eta jarrera aldarrikatzen ditugu. Mila esker guztiei”.

 

Ondoren, Iranzu Bayo, Festa-Los de Bronce elkarteko lehendakaria, pozik agertu da “oroimenera ekarri ahal izan dugulako emakume talde haren balentria, denborarekin ahaztua, sanferminetan izugarrizko eta berehalako eragina izan bazuen ere. Badira eta izanen dira eredu gehiago, jaietan indarkeria matxista gaitzesteko kultura hau zabaltzen jarraitzeko adorea emanen digutenak”.

 

Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordeak ere goraipatu egin ditu “aitzindari haien eta beste emakume feminista batzuen kemenaren emaitza diren aurrerapen sozialak. Dokumental hau esker onaren adierazpena da, zuen historia merezi duen bezala zabaltzeko bide zoragarria. Askok ikusiko ahal dute!”.

 

Bide urratzaileak: emakumeak pankartaren atzean proiektatu aurretik, Marga Gutiérrezek dokumentalaren nondik norakoak azaldu ditu. Bertan parte hartu dute Festa 2022 sariaren protagonistek eta Patricia Amigot NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak.

 

Dokumentalaren ekoizleak, En Buen Sitio Producciones etxeak, gaur egun hamar hautagaitza ditu Goya sarien 37. ediziorako izendatua izateko, AMA-DAS dokumentalarengatik, eta New York Shorts Festival jaialdian “Halyna Hutchins Cinematography Award” saria jaso berri du WHY film laburrarengatik.

 

Ekitaldian izan dira Mahaiko kideak, Parlamentuko talde eta elkarte guztien ordezkariak, eta baita Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz ere. Solasaldi bat eginez eman diote amaiera ekitaldiari.