Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Otsailak 2

Parlamentuan hezkuntza-inbertsioari buruzko mahai-inguru bat egin da, Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren kariaz

Hualdek nabarmendu du Legebiltzarrak konpromiso tinkoa duela "hezkuntza-etapa guztietan hezkuntza inklusiboko eta kalitatezko eredu bateranzko urratsak egitera bultzatzeko"

Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpaina dela-eta, gaur Nafarroako Parlamentuan mahai-inguru bat egin da, aztergai izan duena Hezkuntza-inbertsioaren eguneraketa: begirada bat estatutik, toki-esparrutik eta ikastetxeetatik, Madre Coraje elkarteak antolatua. Saioaren helburua izan da gogoeta egitea hezkuntzaren gaur egungo egoeraz, bertan eginiko inbertsioaren eguneraketaz, HMK-Hezkuntzaren Mundu Kanpainaren inpaktuez eta lorpenez, ikasgeletako lanaz eta horren eragin politikoaz; hori guztia, nazioartetik, estatutik eta toki-mailatik begiratuta.

 

Halaxe mintzatu da Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde saioaren irekieran, eta azpimarratu du zerbitzu publikoak indartu eta garatzeari begira "epe luzerako apustua egiteak" daukan garrantzia. Gogorarazi duenez, apustu hori indartu zen Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako2021-2030 Ituna sinatzearekin, zeinak jomuga gisa baitauka 2030 Agendan jasotako helburuetan ezarritako norabidean aurrera egitea. Agendak, besteak beste, “hezkuntza inklusiboa, ekitatezkoa eta kalitatezkoa bermatzearen eta etengabe ikasteko aukerak sustatzearen” alde egiten du.

 

Ildo horretan, Hualdek azpimarratu du Parlamentuko gehiengoak konpromiso sendoa duela, "kalitatezko hezkuntza inklusiboaren eredu bateranzko ekintzak bultzatzekoa hezkuntza-etapa guztietan, horrela bermaturik desgaitasuna duten pertsona guztiek hezkuntzarako duten eskubidea baliatu ahal izatea, bakoitzaren premietara moldatutako laguntza pertsonalizatuekin eta baliabide-hornidura egokiarekin".

 

Horrela, Lehendakariak oroitarazi ditu hezkuntzak dituen erronkak, hala nola "hezkidetza, dibertsitateari arreta egiteko plana edo eleaniztasuna", eta amaitu du zera gehituz: "erakundeetan gauden pertsonok lan egin behar dugu profesionalen, hezitzaileen lana errazteko, eta horrek esan nahi du inbertsioak egin behar direla, haiek daukaten onena geure haurrei eta gazteei eman ahal izan diezaieten. Eskerrik asko”.

 

Jarraian eztabaida egin da, Javier Erro kazetariak dinamizatuta eta hiru bloketan banatuta. Lehenbizi mintzatu dira HMK-Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpainaren koordinatzaile Mariluz Aparicio eta Macarena Romero, HMKko Intzidentzia Politikoaren Departamentuaren arduraduna. HMK aurkeztu, eta estatu-mailako hezkuntza-inbertsioaren eguneraketaren berri eman dute.

 

Gero, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusi den Inés Jiménez eta Iruñeko Udaleko Hezkuntzako zinegotzi Maider Beloki aritu dira, hurrenez hurren Nafarroan eta toki-mailan hezkuntza-inbertsioak duen inpaktuari buruz.

 

Bukatzeko, hirugarren blokeak hezkuntza-komunitatearen esperientzia jorratu du, eta bertan parte hartu dute Buztintxuri Ikastetxe Publikoko ordezkari María Fernándezek, Hezkuntza Bereziko el Molino Ikastetxeko Iván Lacunzak eta Melillako HMKko hezkuntza-teknikari José Luis Belmontek.

 

Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpaina nazioarteko koalizio bat da, 2000. urtean sortua eta GKEek, hezkuntza-alorreko sindikatuek, ikastetxeek eta gizarte-mugimenduek osatua, mobilizatu egiten dena estatuek munduko pertsona guztiei kalitatezko hezkuntza baterako irispidea bermatze aldera sinatuta dituzten nazioarteko konpromisoak osoki bete daitezen eskatzeko