Noiz argitaratua Astelehena, 2007.eko Abenduak 10

Parlamentuan ordezkatuta dauden indar politikoek eta "Pobreziarik ez Nafarroan" plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako ituna sinatzeko ekitaldia

Parlamentuan ordezkatuta dauden indar politikoetako ordezkariek eta "Pobreziarik ez Nafarroan" plataforma osatzen duten erakundeetako kideek Pobreziaren aurkako Nafarroako ituna sinatu dute gaur Nafarroako Parlamentuan, Legebiltzarreko egoitzako erakunde-aretoan eginiko ekitaldi batean.

Parlamentuan ordezkatuta dauden indar politikoen aldetik, honako hauek dira ituna sinatu dutenak: Sergio Sayas (UPN), Ioseba Eceolaza (NaBai), María Victoria Arraiza (SPN), José Andrés Burguete (CDN) eta Ana Figueras (IUN-NEB). Gobernuz Kanpoko Erakundeen ordezkari gisa sinatu dutenak dira: Natalia Herce (Nafarroako GGKEen koordinatzailea), Marcelo Argañaraz (Nafarroako etorkin-elkarteen Federazioa), Jesús Rodríguez (Kanpo Zorra Ezabatzearen aldeko Herritarren Sarea), Álvaro Cía (Ordezko eta Elkartasunezko Ekonomiaren Sarea) eta Abel Sanz (Nafarroako Pobrezia eta Gizarte Bazterkeriaren aurka Borroka egiteko Sarea). Itunaren sinatzaile da, halaber, Denontzat Plataforma.

Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna da herritarrengandik, GGKEengandik eta Nafarroan diharduten gizarte-mugimenduengandik sorturiko proposamen bat, alderdi politikoek konpromiso formal eta zehatza, bete beharrekoa, har dezaten bilatzen duena, halako moldez non bermatuko baita gizarte-politikak eta garapenerako lankidetzakoak ez egotea joera politikoaren aldaketen baitan, bai eta oinarrizko printzipio batzuei eutsiko zaiela ere, agintean dagoena dagoela ere.

Sinaturiko itunak konpromiso-sorta bat jasotzen du, 189 estatuburuk 2000. urtean adosturiko "milurtekoaren garapen helburuak" betetzera bideraturikoa, eta 2015era arte aplikatuko da.

Itunaren sinatzaileek hartutako konpromisoak funtsezko hiru ardatzetan oinarritzen dira: garapenerako laguntza ofiziala, kanpo zorraren kitapena eta merkataritzaren arloko justizia.

Itunean ezarritako helburuen artean proposatzen da Nafarroako Gobernuak garapenerako laguntza gisa bideratzen duen kopurua gehitzea, eta 2007ko 19 milioi euroetatik 31 milioira pasatzea 2012an. Toki entitateei dagokienez, proposatzen da gutxienez ere haien guztizko aurrekontuen % 0,7 bidera dezatela xede horretara.

Halaber, garapenerako lankidetzako plan zuzendariak prestatuko direla xedatzen da, bai eta marko-izaerako udal programak ere, helburu bat baino izanen ez dutenak: pobreziaren aurka borrokatzea, beste inolako interesik aintzat hartu gabe, berdin delarik interes horiek merkataritzakoak, politikoak nahiz kulturalak izatea. Orobat proposatzen da proiektu-hautaketari eta esleituriko dirulaguntzen justifikazioari dagokienez gardentasuna ziurtatzea, garapenerako laguntza ofizialaren kudeaketarako irizpide teknikoen harmonizazioa bermatzea, garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza ekintzak ugaritzea eta herritarren partaidetzarako guneak, lankidetza-kontseiluak kasu, sustatzea.

Horrez gain, itunean jasotzen da Parlamentuan dauden indar politikoen konpromisoa Garapenerako lankidetzari buruzko Foru Legea gaurkotzeko, Dirulaguntzei buruzko Foru Legea GGKEen errealitateari egokitzeko, Boluntario-lanari buruzko Foru Legea garatu eta aplikatzeko eta GGKEei eginiko dohaintzen ondoriozko zerga-arinketa areagotze aldera PFEZari buruzko legea aldatzeko.

Itunaren aplikazioaren jarraipena egiteko xedez, jarraipen-batzorde bat eratuko da, eta bertan parte hartuko dute alderdi sinatzaile guztiek eta "Pobreziarik ez Nafarroan" plataformako ordezkaritza batek. Batzorde horrek aldiroko bilerak eginen ditu, gutxienez ere urtean hiru aldiz, haietako bat Nafarroako aurrekontu orokorrak onetsi aurretik.