Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Irailak 13

Parlamentuaren jokabide-kodea aztertzeko eta egokitzeko Ponentziak lehen urratsak eman ditu erregelamenduko 26.2. artikulua aldatzeko

Unai Hualde Ganberako lehendakariak zuzentzen duen lantaldea urriaren 25ean bilduko da segurtasun juridikoari buruzko edukiak alderatzeko eztabaidari heltzeko

Ekainaren 27ean eratu zen Nafarroako Erregelamenduko 26.2. artikuluan jasotako jokabide-kodea aztertu eta egokitzeko Ponentzia; bada, ebatzi da urriaren 11ra arteko epealdia irekitzea proposamenak aurkezteko, horien bidez Ganberaren barne-bizitza eraentzen duen estatutu-manuaren garapena zehatz aztertzeko asmoz (aurreikusitakoaren arabera, bi aste ondoren, hilaren 25ean, hasiko dira lan horrekin).

 

Lehen fase horretan, talde parlamentarioek erreferentziatzat hartu ahalko dituzte beste erakunde batzuetako jokabide-kodeak edo zerbitzu juridikoen zirriborroa, honako gai hauen gaineko arauak zehazteko: interes-gatazka, jardueren adierazpena, bateraezintasunen araubidea, jokabide-kodea betetzeko bermeak, eta arau-hausteak eta zehapenak.

 

Erregelamenduko 64. artikuluaren arabera, Ponentziak bere zereginak gauzatuko ditu eskatutako lana amaitu arte eta ponentzia eratzen denetik sei hilabeteko epealdia izanen dute lana amaitzeko eta txosten batean islatzeko; epealdi hori luzatu ahalko da. Aho batez onetsitako barne-funtzionamenduko arauei jarraikiz, boto haztatuaren sistemaren bidez hartuko dira erabaki guztiak; alabaina, berrikuntza gisa, Parlamentua eratzen duten kideen hiru bostenen gehiengo kalifikatuaren bidez hartuko dira (30 boto).

 

Ekainaren 5ean eratu zen Ponentzia, Erregelamendu Batzordean, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek hala proposatuta, PPN eta Vox taldeen babesarekin.

 

Talde guztiek uste dute Ponentziaren formatuak esparru egokia ahalbidetzen duela lasaitasunez jorratu dadin Ganberaren barne-bizitza eraentzen duen estatutuaren 26.2. artikuluaren garapena.

 

Indarrean dagoen erregelamenduaren 26.2. artikuluak, zeina 2023ko martxoaren 16an onetsi baitzen, hauxe dakar:

 

Erregelamendu Batzordearen eginkizuna izanen da jokabide-kode bat onestea. Jokabide-kode horrek arautu beharko ditu, gutxienez, interesak, bateraezintasun-araubidetik eta jardueren eta ondare-ondasunen aitorpen-agirietatik eratorritako eginbeharrak betetzea eta urraketa-kasuetarako prozedura eta ondorioak.

 

Hauexek dira Unai Hualde buru duen Ponentziako kide titularrak: Marta Álvarez (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), Adolfo Araiz (gaur Mikel Zabaletak ordezkatzen du, EH Bildu), Pablo Azcona (Geroa Bai), Javier García (PPN), Miguel Garrido (Contigo Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).