Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urriak 4

Parlamentuko Lehendakaria Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza batekin bildu da

Unai Hualdek Legebiltzarrak elkarbizitzaren alde lanean jarraitzeko duen konpromisoa helarazi die, biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioaren printzipioei jarraiki

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Foro Sozial Iraunkorraren ordezkariekin bildu da gaur. Plataformak Nafarroan duen ordezkaritzaren kide diren Fernando Armendáriz eta Expe Iriarte etorri dira, eta Agus Hernán, eleduna.

 

Agus Hernánek azaldu duenez, aurkezpen bilkura bat izan da, alde batetik, “aurreko legegintzaldian sortutako hartu-eman dinamika berreskuratzeko, eta bestetik, etorkizunean elkarrekin lan egiteko aukerak proposatzeko”.

 

Unai Hualdek, bestalde, “Legebiltzarrak elkarbizitzaren alde lanean jarraitzeko” duen konpromisoa helarazi die, “biktima guztientzako egia, justizia eta erreparazioaren printzipioei jarraiki”.

 

Foro Soziala 2016an sortu zenetik orain arte aurrera eraman dituen ekimen guztiak birpasatu ondoren, Hualdek etorkizunean ekimen berrien bidez elkarlana mantentzeko borondatea agertu du, “beti ere sufrimendu eta kalte guztiekiko errespetutik, tolerantziatik eta ulermenetik”.

 

2016tik aurrera Foro Sozialak antolatuta ekitaldi ugari ospatu dira Parlamentuan, esaterako, indarkeria desberdinen biktimen arteko topaketak edo Europar Batasuneko beste lurralde batzuetan eman diren indarkerien analisiak.

 

Foro Sozial Iraunkorra hiru funtzio betetzen dituen plataforma soziala da: “askatu gabe dauden korapiloak askatzeko esperientziak biltzea, gehiengo sozial eta politikoarekin bat egiten duten ekarpenak egitea eta proposamen hauen inguruan sortu behar diren adostasunak eraikitzeko erraztaile lanak egitea”.