Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Maiatzak 4

Parlamentuko lehendakaria Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkari Abdulah Arabirekin bildu da

Unai Hualdek azpimarratu du Legebiltzarraren konpromisoa dela NBEren ebazpenei lotutako konponbide zuzen eta iraunkorra bilatzea

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Paz y Libertad para el pueblo Saharaui-Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko talde parlamentarioaren koordinatzaile Isabel Aranburuk gaur Legebiltzarraren egoitzan hartu dute Abdulah Arabi, Fronte Polisarioaren Espainiako ordezkaria. Harekin batera joan dira Mohamed Galiani Fronte Polisarioaren Nafarroako ordezkariordea eta Carolina García Nafarroako Sahararen Lagunen Elkartearen ordezkaria.

 

Bilera horretan, Abdulah Arabik lehendakariari adierazi dio norainoko garrantzia izan duen Espainiako Gobernuak hartutako erabakia, saharar herriaren autodeterminazio librerako eskubidearen onarpenari buruz 46 urtez izan duen jarreraren aldaketa, alegia, eta NBEren ebazpenen inguruko kontsentsua berreskuratzearen alde egin du.

 

“Jokaleku berriaren ondorioak aztertu ditugu, eta gure harridura eta nahigabea agertu dugu Espainiak bertan behera utzi dituelako bere erantzukizun politiko eta juridikoak, bira egin eta Marokoren asmo espansionisten aldeko jarrera hartu duelako. Orain Ukrainako gerran defendatzen ari dena, ukatu egiten du Afrikako iparraldean, Marokorekin dituen interesak bermatzearen truke, gure iritziz xantaia den horren aurrean makurtuz eta men eginez”.

 

Abdulah Arabik abagunea baliatu du saharar herriaren izenean eskerrak emateko Nafarroaren elkartasunagatik eta “gatazka hau ahaztua izan ez dadin” Parlamentuak askotariko talde parlamentarioaren bidez egin duen lan politiko eta instituzionalagatik.

 

“Botere publikoei eta gizarte zibilari deia egiten diegu laguntzen jarrai dezaten, lankidetzaren eta laguntza humanitarioaren mailari eusteko. Ezinbestekoa da, konponbide politikorik lortzen ez den bitartean”.

 

Unai Hualdek azpimarratu du legebiltzarrak konpromisoa hartu duela saharar herriak duela hamarkada batzuetatik jasaten duen “larrialdi humanitarioa” konpontzeko, eta, horren harira, eskatu du “konponbide zuzen eta iraunkor bat, Nazio Batuen ebazpenak betetzeari lotua, funtsean”.

 

Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko parlamentari taldeak kide hauek ditu: Isabel Aramburu (Geroa Bai) koordinatzailea, Javier García (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Patricia Perales (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).

 

Fronte Polisarioa sahararren nazio askapeneko mugimendua da. Borrokan ari da “Marokok Mendebaldeko Saharan egin duen legez kontrako okupazioa amaitzeko eta autodeterminazioa behingoz lortzeko” saharar herriarentzat, baita beren aberriaren independentzia ere. Testuinguru horretan, ez du onartzen beste konponbiderik NBEk eta Afrikar Batasunak gainbegiratutako erreferenduma baino, aukeretako bat independentzia izanda.

 

Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa estatu burujabetzat onartu dute 85 herrialdek, gehienbat Afrikan (Afrikar Batasunaren sortzaileetakoa da) eta Latinoamerikan. Beste estatu askok, Europakoak tartean, aitortu dute Fronte Polisarioa dela saharar herriaren ordezkari legitimo bakarra.