Parlamentuko lehendakaria Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako lehendakari berriarekin bildu da
Hualde eta Cabeza bi erakundeen arteko harremanekin zerikusia duten gaiez aritu dira, tartean direla kudeaketa proiektu estrategikoa eta aurtengo onetsitako fiskalizazio plana
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean hartu du Kontuen Ganberako lehendakari berria, Ignacio Cabeza del Salvador, hilaren 12an karguaz jabetu dena Asun Olaechearen lekua hartuz.
Bilera horretan Ignacio Cabezak bere agintaldirako lan plana eta helburu estrategikoak azaldu dizkio lehendakariari, hiru zutabetan laburbilduta. Horien bidez Kontuen Ganberak “zer eta noiz ikertu eta horretaz nola informatu murrizketarik gabe erabaki dezakeen kontrol erakundea izan behar du. Kontua da, azken batean, helburu eta mugarrien gaineko ahalmena izatea”.
Horretaz harago, zehaztu duenez, helburu orokorra da “Nafarroako sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jardueraren gobernu onean eta hobekuntzan laguntzea, eta horretarako beharrezkoa da barneko kudeaketa sistema egokiaren ezarpena burutzea eta Ganberaren leku instituzionala eta ospe soziala indartzea. Hori guztia eraginkortasun, berdintasun eta gardentasun printzipioei loturik egin behar da”, berretsi du Cabezak.
Unai Hualdek, Parlamentuaren izenean, Ignacio Cabezari eskertu egin dio “konpromisoa” hartu izana Kontuen Ganberako lehendakari gisa hasi duen lan “funtsezkoa” betetzeko. Kontuen Ganbera Legebiltzarraren menpeko organoa da.
Hain zuzen ere, lehendakariak eta Kontuen Ganberako arduradun berriak bi erakundeen arteko harremanekin zerikusia duten gaiak aztertu dituzte. Horien artean, Nafarroako foru eta toki erakundeen esparruan 2022rako onetsitako fiskalizazio plana. Kontuen Ganberak bere lanari aurre egiteko dituen baliabideez ere aritu dira.
Ignacio Cabeza del Salvador Kontuen Ganberako lehendakari hautatu zuten 2022ko apirilaren 8an, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen babesarekin. Aldez aurretik, martxoaren 10ean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, hautagai bakarra zela jakitun agertu ondoren, hautagai izendatu zuten.
19/1984 Foru Legean xedatutakoaren arabera, Kontuen Ganberari dagokio Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoko ekonomia- eta finantza-kudeaketaren fiskalizazioa, orobat publikotzat jo daitezkeen funtsena. Parlamentuaren menpeko organoa da, eta ekonomia eta finantza gaietan aholku ematen dio, baina bere kabuz funtzionatzen du. Lehendakariak zuzentzen du; ganberako beste kide eta organo batzuk idazkari nagusia eta auditoreak dira.