Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Ekainak 23

Parlamentuko lehendakaria Juan Miguel Sucunza Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari berriarekin elkartu da

Unai Hualdek nabarmendu du Parlamentuan “adostasun zabala” lortu dela enpresa txiki eta ertainentzako, dendentzako edo autonomoentzako laguntzen arloko suspertze-neurri urgenteak direla-eta

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Juan Miguel Sucunza Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari berriarekin elkartu da gaur bere bulego ofizialean, eta osasun krisitik heldu den agertoki ireki berria nahiz suspertze ekonomiko eta sozialerako hartutako neurriak aztertu dituzte.

 

Maiatzaren 22an Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari izendatu ostean Juan Miguel Sucunzak abiarazi zuen bilera-txandaren baitan egin da bilera. “Nafarroako enpresaburuak ordezkatzen dituen erakundea Nafarroako herritarrak ordezkatzen dituen erakundearen zerbitzuan jartzera etorri gara. Gure asmoa “elkar aditzea” da beti; hala erakutsi dugu Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan, non akordioetara iritsi baikara bai Gobernuarekin bai sindikatuekin”.

 

Unai Hualdek, Sucunzak bezala, “akordio zabalak lortzeko premia” ikusten du, pandemiak eragindako egoera ekonomikoari aurre egiteko; hori dela-eta, nabarmendu egin du “Parlamentuak adostasun-espiritua erakutsi duela enpresa txiki eta ertainentzako, dendentzako edo autonomoentzako laguntzen arloko suspertze-neurri urgenteei buruzko foru dekretuak baliozkotzeko eztabaidetan”.

 

Lehendakariak orobat aipatu du Reactivar Navarra/Nafarroa Suspertu Plana aldezte aldera Parlamentuan eratutako Batzorde Bereziak egindako lana, non, Hualderen esanetan, “ekonomiaren nahiz gizartearen arloko ekimen interesgarriak” har baitaitezke.