Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Irailak 16

Parlamentuko Lehendakaria Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarearen ordezkaritza batekin bildu da

Unai Hualdek elkarteekin harremana mantentzeak duen garrantzia azpimarratu du eta Pobreziaren aurkako Nafarroako Akordioa eguneratzeko lanetan dihardutela baieztatu du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarearen ordezkariekin bildu da gaur, lehendakari den Amaia Leranoz eta Edurne Redín idazkari teknikoarekin.

 

Amaia Leranozek egun Sareak gizarteratzearen arloan egiten duen lana aurkeztu dio lehendakariari, bereziki pandemiak eragindako krisi sozialak kaltetu dituen pertsonekin egiten dutena, eta pertsona hauen oinarrizko beharrizanak asetzeko erakundeekin lankidetzan jarraitzeko beharra azpimarratu du.

 

Leranozek apirilean Nafarroako Gobernuari aurkeztutako Talka Sozialaren planari buruz hitz egin du, bazterketa arriskuan edo pobrezia egoeran dauden pertsonengan pandemiak izan dituen eragin negatiboei aurre egiteko neurriak biltzen ditu planak, eta ildo horretan, adierazi du “krisi soziala gainditzetik oso urrun gaudela”.

 

Gizarteratzean esku-hartzeko Kudeaketa Sistemaren xehetasunak ere azaldu dizkiote Leranoz eta Redínek lehendakariari, “esku-hartzea eta emaitzen neurketa digitalizazioaren bidez eraginkorragoa izan dadila” bilatzen duen proiektua.

 

Amaitzeko, lehendakaria pobreziaren aurkako hilabetearen baitan antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu du Sareak, urrian ospatuko diren lau jardunaldietan, hain zuzen.

 

Unai Hualdek, bestalde, pandemia honen eragin sozial eta ekonomikoei aurre egiteko erakundeek elkarte eta eragileekin batera lan egiteak duen garrantzia azpimarratu du. Lehendakariak oroitarazi duenez, talde parlamentarioek 2007an sinatutako Pobreziaren aurkako Nafarroako Akordioa berrikusi eta eguneratzeko lanetan dihardute, “datozen hilabetetan amaitzeko asmotan”.

 

Datorren urriaren 17an ospatuko den Pobrezia desagerrarazteko Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoa agertu du lehendakariak, baita Sareak eta gainerako eragileek pobreziaren hilabetearen baitan antolatutako ekintzetan parte hartzekoa ere.

 

Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarea 1994an sortu zen irabazi asmorik gabeko gizarte entitateen elkarte horizontal bezala pobreziaren eta gizarte bazterkeria desagerraraztea elkarrekin lantzeko. 22 gizarte entitatez osatu zen, eta gaur egun 30 erakunde sozialez osatuta dago, eta zubi lana egiten du entitateen, erakundeen eta pertsonen artean.