Parlamentuko lehendakariak Agostino Mulas hartu du, ACNUReko ordezkaria Aljerian
Hualdek Legebiltzarraren elkartasuna helarazi du Tindufeko kanpamentuetan errefuxiatuta dauden sahararrek pairatzen jarraitzen duten egoera humanitario zaila dela eta
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Agostino Mulas hartu du gaur arratsaldean bere bulego ofizialean. Mulas da Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Komisarioaren (ACNUR) agintari nagusia Aljerian, bai eta saharar errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko programen arduradun gorena ere. Bileran izan dira, halaber, Alfonso Torres, Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartea GKE nafarraren zuzendari teknikoa, eta Isabel Aranburu, Parlamentuko Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko taldearen koordinatzailea.
Bileran zehar, Agostino Mulasek ACNURen esker ona helarazi die Nafarroako gizarteari eta haren ordezkaritza instituzionalari, laguntza humanitarioaren arloan duela urte askotik egiten ari diren lanagatik, baita Saharako gatazkaren gakoei buruzko informazio eta hedapen mailari dagokionez ere.
“Eskerrak eman nahi ditugu Nafarroak Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizi diren milaka pertsonei eman dien laguntzagatik, bai maila tekniko eta ekonomikoan eta bai maila material eta borondatezkoan ere. Bestalde, gatazkak ugaritzen ari diren honetan, nazioarteko komunitateak errefuxiatu sahararren beharrak ez ahaztea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Agostino Mulasek.
Unai Hualdek, bestalde, eskertu egin du Nazio Batuen Goi Komisarioak eta Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartearen ordezkariak Parlamentura egindako bisita. Era berean, elkartasuna helarazi die, eta askotariko taldeko kideekin partekatu duten testigantzaren garrantzia baloratu du, haiekin bildu baitira Tindufeko kanpamentuetako errefuxiatu sahararrek bizi duten egoera humanitario zaila baloratzeko.