Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Adacen-en ordezkaritza batekin
Elkarteak Europako IctusNet proiektuaren emaitzak ezagutarazi dizkio lehendakariari, eta Nafarroan aplika daitezela eskatzen du
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, gaur eguerdian harrera egin die bere bulegoan Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteko José Luis Herrera lehendakariari, elkarteko Andrés Ilundáin jaunari eta Pilar Elcarte idazkariari.
Bileran zehar, eta elkartearen 30. urtemugaren ospakizuna dela-eta, José Luis Herrerak Parlamentuko lehendakariari Adacen-en historiaren berri eman dio: kalte zerebrala zuten pertsonak boluntariotza-programa baten bidez artatuz abiatu zen, eta denborak aurrera egin ahala jarduera berriak gehitu zituen, hala nola estimulazio fisikoa eta logopedia, neuropsikologia, eskuzko jarduerak eta zeregin okupazionalak. Gaur egun, arreta espezializatua ematen du arlo soziosanitarioan, eta kalte zerebrala duten pertsonen autonomiaren indartzea, errehabilitazioa eta tratamendua ahalbidetzen du.
Halaber, Andrés Ilundáinek Navarrabiomed-ekin batera egin den Europako IctusNet proiektuaren konklusioak jakinarazi dizkio Hualderi, bai eta horiek Nafarroan aplikatzeko egin diren gomendio eta identifikatu diren premiak ere. Lan horrek dioenez, "prebentzioa funtsezkoa da; batik bat, kontuan harturik iktusaren kausen % 80 prebeni daitezkeela". Nabarmentzen du zeinen garrantzitsua den iktusaren desafioari halako moduz heltzea non, "prebentzio eta tratamendurako baliabideetan inbertitzeaz gain, sekueladun iktus-gainditzaileentzako arreta-eredu berritzaile eta efizienteak bultzatuko baitira".
Bukatzeko, Adacen-etik gonbita luzatu zaio Parlamentuko lehendakariari, Osasun Batzordeak bisita parlamentario bat egitekoa elkartearen instalazioetara, horrela bertatik bertara ezagutze aldera aurrera eramaten duten langintza.
ADACEN-Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkartea 1994an familia-multzo batek eratutako gizarte-entitatea dugu, garai hartan ez zegoelako arreta-baliabiderik kalte zerebraldun pertsonentzat, ez eta senideentzako laguntzarik ere. Gaur egun, Nafarroan kalte zerebral eta/edo neurologikoa izan duten adin guztietako pertsona helduek atxikitako funtzionalitate eta gaitasunen mantentzerako arreta, estimulazio eta tratamenduaren premiak asetzen ditu.