Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Urriak 30

Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren eta Sare Elkartearen ordezkariekin

Unai Hualdek adierazi die Legebiltzarrak Hiesaren aurkako Mundu Egunarekin daukan konpromisoa, gaixotasun horrekin lotutako arazoak ikusgarri egiteari begira

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur Nafarroako Parlamentuaren egoitzan Lucia Burgui, Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarraren ordezkariari, eta Yolanda Yáñez, Sare Elkartearen ordezkariari.

 

Lucía Burguik azaldu duen bezala, bileraren mamia izan da GIBaren Nafarroako egoera azaltzea eta bi entitate horien “kezka” helaraztea, zeren eta “GIBaren eragina mantendu egiten baita, sexu-transmisiozko gaixotasunen eragina mantentzen den bezalaxe”.

 

Hori dela eta, Sareren eta Hiesaren aurkako Batzorde Hiritarraren ordezkariek botere legegileko lehendakariari aldarrikatu diote “dauden programak indartu beharra" dagoela, eta eskatu diote “ikusteko moduko laguntza bat eman dezatela erakundeek, haien ekimenak bultzatuz eta, batez ere, baliabideak emanez".

 

Unai Hualdek, bere aldetik, jakinarazi die Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen duela gaixotasun hori dela-eta beren horretan dirauten arazoak ikusgarri egiteko, eta, hasteko, datorren abenduaren 1ean, Hiesaren aurkako Mundu Egunean, ekimen batzuk bultzatzeko aukera aipatu du.

 

SARE Elkartea gobernuz kanpoko erakunde bat da, GIBak/hiesak zuzenean edo zeharka ukitutako pertsonek osatua. Bere programa ezberdinen bidez zerbitzu batzuk eskaintzen ditu; besteak beste, GIBarekin/hiesarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazio-ematea eta GIBa duten pertsonentzako nahiz ingurukoentzako laguntza emozionala. Gainera, aukera ematen du detektatze-probak egiteko, eta hitzaldiak eta prestakuntza-ikastaroak ematen ditu.

 

Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarra irabazi asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde bat da, zeina sortu baitzen GIBari buruz informatzeko, haren transmisioa prebenitzeko, ukitutako pertsona guztiei aholkua eta laguntza emateko eta pertsona seropositiboen eta gaixoen eskubideez kontzientziatzeko.