Parlamentuko lehendakariak bilera egin du UAGNren arduradun Félix Bariainekin
Abeltzaintzako sindikatuak iragarri du Parlamentuarekin elkarlana egin nahi duela, lehen sektorearen erreibindikazioei erantzuna emanen dieten neurri zehatzak hartzeko zereginean
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean Unión de Agricultores y Ganaderos de Navarra-UAGNren lehendakari Félix Bariaini, zeina etorri baita aldean Gonzalo Palacios eta Luis Miguel Serrano zeuzkala; hurrenez hurren, sindikatuko lehendakariordea eta idazkari nagusia.
Bileran zehar, Félix Bariainek lehen sektorearen kezkak izan ditu aztergai lehendakariarekin: bai zerga-arlokoak, bai arau-zehazgabetasunari buruzkoak, Landa Garapeneko eta Lurralde Kohesioko lege-proiektuei dagokienez; hain zuzen, azken horien bat-egitea azter dadila iradoki dute UAGNtik.
"Nekazari eta abeltzainen kezkaren partaide egin nahi izan dugu lehendakaria, zerga-arloan diskriminatuta sentitzen baitira beste autonomia-erkidego batzuetan ematen zaien tratuaren aldean. Bestalde, Landa Garapeneko Departamentutik proposatzen den lege-proiektuaren zirriborroaren gehiengoarekin ados bagaude ere, iruditzen zaigu komeni litzatekeela, arau-pilaketak ekiditearren, hausnar dadila arau-bateratze bat egiteaz Lurralde Kohesiotik prestatzen ari den proiektuarekin. Araudiaren ikuspegitik, lehentasunezkoa da legegintza-lana, urgentea da", azpimarratu du Bariainek, bileraren "onbide-giroa" nabarmentzearekin bat. Halaber, iragarri du talde parlamentarioekiko elkarrizketa-txanda bati ekiteko asmoa.
Unai Hualdek, bere aldetik, oroitarazi du ezen, berriki azaldu zuen bezala, Foru Parlamentua eta berori osatzen duten taldeak beti daudela prest orotariko elkarte eta kolektiboen erreibindikazioak entzun eta bideratzen saiatzeko, baldin horiek bide egokietatik adierazten badira. Eta, jakina, Legebiltzarrak daukan goraipamen-adierazgarri gorena 2022an jaso izandakoa dugun lehen sektoreak egiten dituenak ere bai".
Ildo horretatik, lehendakariak hitz eman du taldeei jakinaraziko diela UAGN prest dagoela lan-bilera batean proposamen-dekalogo bat bertatik bertara azaltzeko. Proposamen horiek datozen egunetan helaraziko zaizkie taldeei.