Noiz argitaratua Astelehena, 2023.eko Abuztuak 7

Parlamentuko lehendakariak bozeramaile politikoei bigarren kontsulta-txandarako deialdia egin die asteazken honetarako, hilak 9

María Chivitek Unai Hualderi jakinarazi dio bere burua Nafarroako lehendakaritzarako hautagai gisa aurkezteko prestasuna, eta Mahaiak inbestidura-egutegia finkatzearen zain dago

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek asmoa du bigarren kontsulta-txanda asteazken honetan egiteko (09:30ean, lehendakariaren bulegoan) ordezkaritza parlamentariodun alderdi edo talde politikoek bidalitako bozeramaileekin, xedetzat harturik hautagai bat proposatzea, hala suertatuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Lehendakaritzarako.

 

Kontsulta-txanda berri hori eratorri da joan den ekainaren 28an lehendakariak hartutako konpromisotik; alegia, txanda hori abiaraziko zela bozeramaile parlamentarioren batek bere burua inbestidurara aurkezteko nahia adierazten zuen unean. Hain zuzen ere, horixe egin du gaur eguerdian Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioaren eledun María Chivitek. Orain, Parlamentuko Mahaiak inbestidura-egutegia finkatu behar du, ostegun honetarako deitutako saioan (10:00etan). Erregelamenduak xedatzen duenaren arabera, inbestidura-saioa gutxienez 3 egun lehenago deitu behar da. 

 

Ezarritako hurrenkerari helduta, parlamentu-ordezkaritza txikienetik handienekoari alegia, lehendakariak Vox-en ordezkaritzarekin hasiko du kontsulta-txanda (09:30). Jarraian, eta 15 minutuan behin, Unai Hualdek harrera eginen die Navarra Contigo-Zurekin-eko solaskideei (09:45), PPNri (10:00), Geroa Bai-ri (10:15), EH Bildu-ri (10:30), PSNri (10:45) eta UPNri (11:00).

 

Kontsultak egin ondoren, Legebiltzarreko lehendakariak agerraldia eginen du komunikabideen aurrean (Erabilera Anitzeko Aretoan), María Chivitek inbestidurako osoko bilkurara aurkezteko borondatea formalizatzeko asmoa duela jakinarazteko. Eledunek, halaber, hedabideei erantzungo diete (Erabilera Anitzeko Aretoa) presidentearen bulegotik atera ahala.
 

María Chivitek (PSN) ) gaur eman dio Parlamentuko lehendakariari bere burua inbestidurara aurkezteko prestasunaren berri, eta, horrela, Unai Hualderi lehen kontsulta-sortaren harira helarazitako "konpromisoa" gauzatu du.

 

Hautagai sozialista eta egungo jarduneko lehendakariaren proposamena gaur Parlamentuan María Chivitek (PSN), Uxue Barkosek (Geroa Bai) eta Begoña Alfarok (Contigo-Zurekin) sinatu duten programa akordioaren emaitza da. Guztira 21 babes dituzte lehenengo bozketan gehiengo osoa (gutxienez aldeko 26 boto) behar duen eta bigarren bozketan gehiengo soila behar duen inbestidurarako.  

 

Uztailaren 28an, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ebatzi zuten abuztua gaitzea (inbestidura-prozesurako soilik) eta 22ra arte luzatzea Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea.

 

Lorafnaren 29.4 artikuluari jarraiki, baldin eta, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak (maiatzaren 28an) egin eta hiru hilabete iraganda hautagairik aurkezten ez bada, edo aurkeztu direnetatik inor hautatua gertatzen ez bada, Parlamentua deseginda geratuko da eta, berehala, beste hauteskunde batzuk deituko dira.