Noiz argitaratua Larunbata, 2021.eko Azaroak 13

Parlamentuko lehendakariak Euskarazko VIII. Eztabaida Ligari amaiera eman dio

Deustuko Unibertsitateak irabazi du liga eta Mondragon Unibertsitateko Iraia Irazusta Mujika ikasleari eman diote hizlari hoberenaren saria

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Euskarazko VIII. Eztabaida Ligaren finalean parte hartu du gaur eguerdian. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera eta Nafarroako Parlamentuarekin elkarlanean egindako ekimena da.

 

Hualdek eskerrak eman dizkie bi unibertsitateei txapelketa hau antolatzeagatik, “gure erakundea eta gure hemizikloa ikasleengana hurbiltzeagatik”, eta aukera aprobetxatu du gazteak balioesteko. “Gaur egiten ari garen bezalako ekitaldietan, elkarrengandik ikasten duzue, ideiak, estrategiak partekatzen dituzue eta, bide batez, beste ikastetxe batzuetako ikasleak ezagutzen dituzue”.

 

Lehendakaria pozik agertu da euskaraz antolatutako eztabaida Parlamentuan ospatu izanagatik, eta gaineratu duenez, “urtetik urtera Nafarroako herritarren hizkuntza-eskubideen aitorpena handiagoa da. Gure Erkidegoko berezko bi hizkuntzetan komunikatzea zerbait normalizatua da, nahiz eta batzuek atzerapausoak ematearen alde egin. Akats bat da. Hizkuntzek ez diote inori kalterik egiten. Aitzitik, ezagutzak pertsonak eta gizartea bera aberastu egiten ditu”.

 

Adimen artifiziala gauza da gizakia ordeztu eta hark egiten duena egiteko? aztergai izanik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko 18 ikaslek parte hartu dute eztabaidan, lau taldetan banatuta.

 

Deustuko Unibertsitateak irabazi du Euskarazko VIII. Eztabaida Liga, eta finala Euskal Herriko Unibertsitatearen aurka izan da. Mondragon Unibertsitateko Iraia Irazusta Mujika ikasleari eman diote hizlari hoberenaren saria.

 

Lau unibertsitateetako ordezkari hauek izan dira sarien banaketan: Martin Larraza Kintana, NUPeko Ekonomiako, Plangintzako eta Estrategiako errektoreorde, Junkal Gutiérrez Mangado, EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordea; Xabier Riezu Arregui, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreorde eta Komunikazioko zuzendaria; Idoia Peñacoba Etxebarria, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia.

 

Gainera, ekitaldian izan dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Pedro Elosegui, Ana Otadui eta Xabier Eceizabarrena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak, hurrenez hurren. Legebiltzarreko lehendakariak harrera egin die Legebiltzarreko egoitzako harrera-aretoan.