Parlamentuko lehendakariak Foru Komunitateko Fiskaltzaren 2021eko Oroitidazkia jaso du
José Antonio Sánchezek agerraldia eginen du Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean, oroitidazkia talde parlamentarioen ordezkariei aurkezteko
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur bere bulego ofizialean hartu du José Antonio Sánchez Sanchez-Villarés Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia, eta haren eskutik jaso du Nafarroako Fiskaltza Nagusiaren 2021eko Oroitidazkia. Sánchezek agerraldia eginen du Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordean, aurreikusitako bilera formaletako batean.
Lehendakariarekin egindako bileran, José Antonio Sánchezek fiskalen plantillaren eta bulego fiskalaren osaerari eta egiturari buruzko datuak helarazi dizkio, baita baliabide materialen eta berehalako premien gainekoak ere.
Fiskaltzan 2021ean zehar sartu diren prozeduren bilakaera kuantitatibo eta kualitatiboaz ere aritu da fiskal nagusia, eta azpimarra jarri du zigor jurisdikzioko prozeduretan. Nabarmendu du prozedurak ugaritu egin direla oro har, zentzuzkoa denez, kontuan hartzen bada pandemiaren ondoriozko murrizketek (itxialdiak, epe prozesalen etenaldiak eta ordutegi mugatuak) prozedura gutxiago egitea eragin zutela.
“Ez dira lortu 2019ko kopuruak, 2021ean ere zenbait muga izan baitira arrazoi sanitarioengatik, ez lehen bezain zorrotzak, baina eragina izan dute delituetan eta, beraz, abiarazitako zigor prozeduren kopuruan. 2021a ez da izan urte erabat normala”.
Zenbakiei begira, José Antonio Sánchezek nabarmendu du 29.725 zigor prozedura berri sartu zirela Fiskaltzan (2020an baino 2.494 gehiago), Fiskaltzak 3.536 akusazio-idazki egin zituela izapide hori behar duten zigor prozesuetan, eta fiskalak zigor jurisdikzioko 3.227 judiziotan parte hartu zuela.
Azkenik, Sánchezek labur aipatu ditu fiskalaren beste jarduketa batzuk, hala nola jurisdikzio zibilekoak edo adingabeak babestu eta zentzatzearen arlokoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusia 22 fiskalek osatzen dute. Fiskal nagusia da haien burua.
Fiskaltzak Iruñean du egoitza. Tuteran lurralde-atal bat du, eta lau fiskal aritzen dira bertan. Gainerako fiskalak bezala, Tuterakoak fiskal nagusiaren menpean daude zuzenean.
Fiskalaren eginkizun nagusia da justiziaren ekintza sustatzea, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legearen babespeko interes publikoa defendatzeko. Laburbilduta, inpartzialtasun osoz legezkotasuna defendatzea du eginkizuna.