Parlamentuko lehendakariak Foru Komunitateko Fiskaltzaren 2022ko oroitidazkia jaso du
Jaime Goyenak ohartarazi du sexu-askatasunaren aurkako delituen gorakada kezkagarria izan dela, batez ere 16 urtetik beherako pertsonak biktima dituzten delituena
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek bere bulego ofizialean hartu du gaur Jaime Goyena Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia, eta haren eskutik jaso du Nafarroako Fiskaltza Nagusiaren 2022ko Oroitidazkia. Iragan uztailaren 4an hartu zuen kargua Goyenak, eta agerraldia eginen du laster Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordearen aurrean oroitidazkiaren zehaztasunak azaltzeko.
Lehendakariarekin egindako bileran, Jaime Goyenak fiskalen plantillaren eta bulego fiskalaren osaerari eta egiturari buruzko datuak helarazi dizkio, baita baliabide materialen eta berehalako premien gainekoak ere.
Fiskaltzan 2022an zehar sartu diren prozeduren bilakaera kuantitatibo eta kualitatiboaz ere aritu da fiskal nagusia, eta azpimarra jarri du zigor jurisdikzioko prozeduretan. “Delinkuentziaren hazkunde globala ikusten da, bereziki delitu arinengatiko epaiketetan, % 32 igo baitira".
Era berean, 2022ko memoriatik "sexu-askatasunaren aurkako delituen gorakada kezkagarria” ondorioztatzen da, “batez ere 16 urtetik beherako pertsonak biktima dituzten delituen gorakada".
Goyenak, halaber, ohartarazi du internet eta sare sozialak erabiltzen direla oro har gero eta delitu-mota gehiago egiteko (iruzurrak, jazarpena, kondena edo kautelazko neurria urratzea, haur-pornografia, etab.), "horrek ikerketarako dakartzan zailtasunekin".
Amaitzeko, Fiskal Nagusiak ondorioztatu du 2022an egiaztatutako delitu-jardueraren gorakadak "pandemiaren aurretik zeuden delituen zifrak berreskuratzea ez ezik, horiek gainditzea ere ekarri duela".
Zenbakiei begira, Jaime Goyenak nabarmendu du 35.218 zigor prozedura berri sartu zirela Fiskaltzan (2021ean baino 5.493 gehiago), Fiskaltzak 3.768 akusazio-idazki egin zituela izapide hori behar duten zigor prozesuetan (+%6), eta fiskalak zigor jurisdikzioko 3.675 judiziotan parte hartu zuela.
Azkenik, Goyenak labur aipatu ditu fiskalaren beste jarduketa batzuk, hala nola jurisdikzio zibilekoak edo adingabeak babestu eta zentzatzearen arlokoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusia 23 fiskalek osatzen dute. Fiskal nagusia da haien burua.
Fiskaltzak Iruñean du egoitza. Tuteran lurralde-atal bat du, eta lau fiskal aritzen dira bertan. Gainerako fiskalak bezala, Tuterakoak fiskal nagusiaren menpean daude zuzenean.
Fiskalaren eginkizun nagusia da justiziaren ekintza sustatzea, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legearen babespeko interes publikoa defendatzeko. Laburbilduta, inpartzialtasun osoz legezkotasuna defendatzea du eginkizuna.