Parlamentuko lehendakariak Foru Komunitateko Fiskaltzaren 2023ko oroitidazkia jaso du
Jaime Goyenak ohartarazi duenez, mota guztietako zigor-prozedurek gora egin dute oro har, eta gorakada bereziki larria da talde kriminalak osatzeari edo hauetan parte hartzeari buruzko delituen kasuan
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek bere bulego ofizialean hartu du gaur Jaime Goyena Nafarroako Foru Komunitateko fiskal nagusia, eta haren eskutik jaso du Nafarroako Fiskaltza Nagusiaren 2023ko Oroitidazkia. Goyenak agerraldia eginen du laster Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordearen aurrean oroitidazkiaren zehaztasunak azaltzeko.
Lehendakariarekin egindako bileran, Jaime Goyenak fiskalen plantillaren eta bulego fiskalaren osaerari eta egiturari buruzko datuak helarazi dizkio, baita baliabide materialen eta berehalako premien gainekoak ere.
Fiskaltzan 2023an zehar sartu diren prozeduren bilakaera kuantitatibo eta kualitatiboaz ere aritu da fiskal nagusia, eta azpimarra jarri du “mota guztietako zigor-prozeduren gorakada orokorrean (adingabeengan izan ezik)”, batez ere "talde kriminalak eratzeari edo hauetan parte hartzeari dagozkionak, gehienak etxebizitzetan edo enpresetan indarrez egindako lapurretekin lotutakoak".
Azkenik, Goyenak labur aipatu ditu fiskalaren beste jarduketa batzuk, hala nola jurisdikzio zibilekoak edo adingabeak babestu eta zentzatzearen arlokoak.
Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusia 25 fiskalek osatzen dute. Fiskal nagusia da haien burua.
Fiskaltzak Iruñean du egoitza. Tuteran lurralde-atal bat du, eta lau fiskal aritzen dira bertan. Gainerako fiskalak bezala, Tuterakoak fiskal nagusiaren menpean daude zuzenean.
Fiskalaren eginkizun nagusia da justiziaren ekintza sustatzea, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legearen babespeko interes publikoa defendatzeko. Laburbilduta, inpartzialtasun osoz legezkotasuna defendatzea du eginkizuna.