Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Urriak 8

Parlamentuko Lehendakariak Fronte Polisarioaren Foru Erkidegoko arduradun berriari harrera egin dio

Legebiltzarrak Saharako herriaren errealitatearekiko duen konpromisoa azpimarratu du Hualdek eta NBEren ebazpenei lotutako konponbide justu eta iraunkor bat eskatu du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Adderahman Lehbib Breikari, Fronte Polisarioaren Foru Erkidegoko arduradun berriari harrera egin dio gaur Legebiltzarreko egoitzan. Honekin batera etorri da Mohamed Abdalahi ordezkariordea, baita Carlos Mena ere, Bakea eta Askatasuna Saharan taldearte parlamentarioko koordinatzailea.

 

Adderahman Lehbib Breikak azaldu duenez, protokolozko bilkura izan da “elkar aurkezteko eta Nafarroako Parlamentuak Saharako herriari eta, bereziki, errefuxiatuei eskainitako babesa eskertzeko”.

 

Unai Hualdek, bestalde, Legebiltzarrak duela hainbat hamarkadetatik Saharako herriaren “errealitate larriarekiko” duen konpromisoa azpimarratu du, eta ildo horretan, “Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen araberako konponbide justu eta iraunkor bat” eskatu du.

 

Lehendakariak bilkura probestu du, pasa den irailaren 25ean sortutako Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoa aurkezteko. Carlos Mena da koordinatzailea (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai) koordinatzaileordea, eta horiez gain taldea osatzen duten parlamentariak dira Javier García (Navarra Suma), Patricia Perales (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Topaketa amaitzeko, Erakunde Aretoa eta Osoko Bilkuren Aretoari bisita egin diote, eta Unai Hualdek Hemizikloaren irudi bat eman dio Adderahman Lehbib Breikari opari gisa.

 

Fronte Polisarioa Mendebaldeko Sahararen nazio askapenerako mugimendu politiko eta militarra da, lurralde haren autodeterminazioaren alde eta Marokotik independentzia lortzearen alde borrokatzen dena.

 

Espainiak Mendebaleko Sahara Maroko eta Mauritaniako gobernuen administraziopean utzi zuenean, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa (SAED) aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak 1976an.