Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Otsailak 18

Parlamentuko lehendakariak Gazako Su-etenaren aldeko Nafarroako Ekimen Sanitarioaren ordezkariak hartu ditu

Talde hau Foru Komunitateko osasun arloko langilez osatua dago, eta palestinar pazienteak Nafarroara ekarri eta hemen artatzeko lankidetza-hitzarmenak ezartzea aldezten du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek bere bulego ofizialean hartu ditu gaur arratsaldean Nuria Palacios eta Miriam Bravo, Gazan berehalako su-eten iraunkorra dekreta dadin eskatzen duen NASAF-Gazako Su-etenaren aldeko Nafarroako Ekimen Sanitarioaren ordezkariak.

 

Bileran, NASAFeko ordezkariek Parlamentuko lehendakariari helarazi diote palestinar pazienteak Nafarroara ekarri eta hemen artatzeko proposamena. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak egin beharko lirateke Gazako ospitaleen eta foru-komunitatekoen artean.

 

“Lankidetza horrek osasun arloko materialaren bilketa aurreikus lezake, bai eta pazienteen senide laguntzaileentzako bisa-programa bat, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak hartzeko arauak onartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013/33/EB Zuzentarauaren babespean.

 

NASAFeko ordezkarien iritzian, “orain da garaia, gizarte gisa, populazio horren guztiaren bizimodua hobetzeko pausoren bat emateko. Gure ardura da”.

 

Bere aldetik, Parlamentuko lehendakariak gogora ekarri du nafar legebiltzarraren jarrera hartze publikoa, Gazan su-eten iraunkorra ezartzearen eta nazioarteko giza eskubideen arloko legedia errespetatzearen aldekoa, osasun arloko langileen eta haiek lan egiten duten instalazioen errespetua barne.

 

Era berean, NASAFen lan goraipagarria eskertu du eta bere proposamenak ganberako talde parlamentarioei eta parlamentarien foru elkarteari helarazteko konpromisoa hartu du.

 

NASAF gure erkidegoko osasun arloko profesionalek bultzatutako ekimen bat da, 2023ko azarotik Nafarroako osasungintza mugiarazten ari dena hilero osasun etxe eta ospitaleetan egiten diren elkarretaratzeen bidez. Gazan laguntza humanitarioa sartzen uzteko, nazioarteko zuzenbidearen errespetua eta Gazan bahituak izan diren osasun arloko langilean askatzeko eskatzen dute.