Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Maiatzak 6

Parlamentuko lehendakariak Giza Eskubideen Sustapenerako Jaime Brunet Sariak emateko ekitaldian parte hartu du

Hualdek José Luis Azconak justizia sozialaren alde egindako ibilbidea azpimarratu eta Ganberak egoera larriekiko duen konpromisoa nabarmendu du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Jaime Brunet sariak emateko Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ekitaldian parte hartu du gaur, eta José Lusi Azcona Hermoso apezpiku misiolariari eman dio Giza Eskubideen Sustapenerako 2021eko Nazioarteko Sariari dagokion zuzkidura.

 

Hitzaldian, Unai Hualdek balioan jarri du pertsona eta erakunde sarituen lana, bereziki Jose Luis Azcona gotzain misiolariaren ibilbide bikaina nabarmendu du. Marajoko (Brasil) elizbarrutian egindako lanak gehiegi ustiatutako komunitate txiro honen estimua ekarri dio, non, mehatxu humanitario eta ingurumen arlokoak gorabehera, justizia sozialaren oinarriak ezartzen saiatu den.

 

“Izan dadila sari hau Legebiltzarraren eta hark ordezkatzen duen gizartearen errekonozimenduaren eta miresmenaren isla, Brasilen giza eskubideen alde bizitza osoan zehar egindako lanagatik. Monsinore Azconaren ahalegina eredua da, pobreziak eragindako gehiegikeriak, prostituzioa, salerosketa eta ingurumenaren suntsipena bizi duen herrialdean. Testuinguru horretan, nafar batek 37 urte eman ditu besteen alde lanean”.

 

Gauzak horrela, eta “oinarrizko eskubideen alorrean diharduten pertsonen, kolektiboen eta erakundeen sustapena eta goraipamena bultzatzeko” NUPek sortutako sariek duten garrantzia azpimarratu ondoren, Unai Hualdek azpimarratu du parlamentu-arku osoak konpromiso politikoa duela “gure kaleetan ere errealitate odoltsuak eta ez hain mediatikoak ikusarazten laguntzeko”.

 

Lehendakariak amaitzeko Ukrainari, Saharari eta Palestinari buruzko aipamena egin du, eta labur-labur errepasatu ditu nazioarteko eszenatoki ezberdinetan berdintasunaren alde lan egiten duten erakunde humanitarioekin elkarlana bermatzeko Ganberan prestatutako tresnak. Agur esan du, Meritxel Bateten presentzia eskertuz eta NUPi sari horren arrastoari eusteko animatuz.

 

“Gure kasuan, gizarte- eta erakunde-sarearekin elkarlanean jarraituko dugu, Nafarroak munduan askatasunaren, justiziaren eta bakearen defentsan erreferente izaten jarrai dezan. Eskerrik asko guztioi”.

 

Ekitaldiko burutzan, Parlamentuko lehendakaria, Diputatuen Kongresuko lehendakari eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakari Meritxell Batet, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalo eta Brunet Fundazioko lehendakariorde Joaquín Mencos egon dira. Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari María Chivitek ere parte hartu du ekitaldian.

 

Giza Eskubideen Sustapenerako 2021eko Jaime Brunet Nazioarteko Saria —36.000 euro, diploma eta oroigarria— José Luis Azcona Hermoso (Iruñea, 1940) Marajóko (Brasil) agustindar errekoleto eta gotzain emerituari egokitu zaio, giza eskubideen defendatzailea, bereziki pertsonen trafikoaren eta adingabeen sexu-esplotazioaren aurkako borrokan.

 

Halaber, doktoretza-tesien Jaime Brunet Saria eman zaio María Isabel Bravo Barhonari; eta Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria, berriz, Mayra Ayesa Larumbe, Ainara Sánchez Liceaga eta Maite Espinal Caminosi.