Parlamentuko lehendakariak harrera egin die Hodei Martínez eta Kylian Sarrías nafar motoziklista gazteei
Hualdek zorionak eman dizkie pilotu biei beren kirol ibilbideagatik
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Hodei Martínezi eta Kylian Sarríasi. Nafar motoziklista gazte bi dira, 17 eta 14 urtekoak, eta gaur egun bitarteko propioekin parte hartzen dute Espainiako Supersport Kopako 600 eta 300 zentimetro kuboko kategorietan, hurrenez hurren.
Topaketan zehar, Xabier Moralesek eta David Benitok, Martínezen eta Sarríasen managerrak eta taldeko buruak, laguntza instituzionala eskatu dute bi pilotu gazte horien eta etortzekoak direnen talentua aprobetxatu eta Los Arcosko zirkuituaren azpiegiturei etekina ateratzeko, mekanikarien nahiz kirolarien harrobia elikatze aldera, eta, bide batez, motorren industria sustatzeko.
“Ideia da talde bat osatzea maila gorenean lehiatzeko, baina horretarako Motoziklismoaren Nafarroako Federazioa indartu behar da eta laguntzak eman behar dira mutil hauen ahalegina konpentsatzeko, Nafarroaren izena baitaramate Estatu osotik familiaren sostenguari esker. Nahiz eta goraldian egon, Nafarroan motoziklismoa kirol minoritarioa da. Behar duen espazioa eman behar diogu, eta horretarako oinarriak jarri behar dira prestakuntza emateko; izan ere, gauzak ondo egiten badira, horrek sortuko ditu lana eta kirola”, Moralesek azaldu duenez.
Unai Hualdek, bere aldetik, bi pilotuei eta taldeari zorionak eman dizkie beren kirol ibilbideagatik eta zortea opa die Jerezen eta Los Arcosen berehala izanen dituzten lasterketetarako.