Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Joaquín Mencosi, Unicef-en Nafarroako arduradunari
Unai Hualdek adostu du jarraipena ematea haurren eskubideen defentsa eta sustapenerako Parlamentuak eta Unicefek orain arte elkarrekin egin izan dituzten ekimenei
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, bere bulego ofizialean, Joaquín Mencosi, Unicefen Nafarroako Batzordearen arduradunari, zeina Maider Gabilondo koordinatzaileaz lagunduta bertaratu baita.
Bileran zehar, Joaquín Mencosek lehendakariari adierazi dio kezkatuta daudela nazioarteko laguntzaren finantzaketan egindako murrizketak milioika adingaberen ongizatean izaten ari diren eraginarekin, eta poztu egin da Nafarroako Parlamentuak haurren eskubideen sustapenean eta defentsan Unicefekin lankidetzan jarraitzeko erakutsi duen prestasunagatik.
“Aurrekaririk gabeko murrizketa hauek mundu-mailako haur-larrialdia sortzen ari dira. Erabakigarriak diren zerbitzuak eteten ari dira, eta milioika haurren bizitza eta ongizatea arriskuan jartzen. Aldaketa geopolitikoen eta multilateralismoaren atzerakadaren isla da hori guztia, eta, Unicefi dagokionez, urtarrilean 3.600 langile kanporatzera behartuko gaitu, horrek lekuan bertan izanen duen eraginarekin”, adierazi du Mencosek.
Bestalde, eta Haurren Nazioarteko Eguna dela-eta Unicefek urtero Parlamentuan antolatzen duen eskola-saioari dagokionez, Mencosek adierazi du oraingoan ikasleek gogoeta eginen dutela teknologiak beren bizitzetan eta beren eskubideen erabileran dituen ondorioei buruz. “Beren lana aurkeztuko dute, eta beren azterketatik ateratako proposamenak helaraziko dizkiete parlamentariei, haien berri izan dezaten eta dagozkion erabakiak har ditzaten”.
Unai Hualdek, bere aldetik, bere prestasuna helarazi dio Unicefen Nafarroako ordezkaritzari, Haurren Nazioarteko Egunaren karietara adingabeen problematikak ikusarazteko ekitaldi bat egin dadin berriro ere Nafarroako Parlamentuan. Era berean, konpromisoa hartu du Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordean lan-saio bat egitea bultzatzeko, nazioarteko laguntzaren finantzaketari buruz Sevillan egindako Nazioarteko Kongresuan ateratako ondorioak azaldu ditzaten.
1946an eratu zenetik, haurren eskubideen alde lan egiten duen erakunde nagusia da UNICEF, eta lan-ordezkaritzak ditu 190 herrialde eta lurraldetan. Espainian, berak dauka planetako txoko guztietan haur guztiekin konprometitutako nazioarteko erakundea den Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren ordezkaritza. Azken bateko helburua da Haurren Eskubideen Konbentzioan jasotako eskubide guztiak babestea.
Agindu horri jarraikiz, Nafarroako Batzordeak ekarpena egiten du, halaber, haur bakoitzak eskueran izan ditzan osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak eta ura eta saneamendu egokia, eta indarkeriatik eta esplotaziotik babestuta bizi dadin.