Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari berri Manuel Piquer jaunari
Unai Hualdek aldeztu egin du erakundeak eta eragile ekonomiko eta sozialak elkarlanean aritu daitezen egungo egoera ekonomikoaren erronkei baterako erantzuna emateko
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, bere bulego ofizialean harrera egin dio gaur Manuel Piquer Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari berriari, eta harekin egungo egoera sozio-ekonomikoa aztertu du gaingiroki.
Bilera hau Manuel Piquerrek, joan den maiatzaren 22an Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakari berri izateko hautatu zenetik, abiarazita daukan kontaktu-saioetako bat da. Lehendakariordetzatik iritsia da kargura, zeinean baitihardu FAPYMEN-Nafarroako Enpresa Txiki eta Ertainen Elkarteen Federazioko lehendakari izatearekin batera.
“Nafarroako enpresaburuen ordezkaritza-erakundea Nafarroako herritarren ordezkaritza-erakundearen zerbitzura jartzera etorri gara. Betiere elkar-ulertzea lortu nahirik eta enpresaren munduarekin zerikusia duen orotan Nafarroako Parlamentuarekin lan egiteko prestasunez", nabarmendu du Piquerrek.
Unai Hualdek CENen arduradun berriari jakitera eman dio ezen bere nahia, adeitasun instituzionalaz harago, dela hark ordezkatzen dituen enpresariek Parlamentua senti dezaten beren ekarpen eta iradokizunak jasotzeko irekita dagoen erakunde gisa, Nafarroako elkarte eta kolektiboek eskueran dituzten bide desberdinetatik jaso ere.
Legegintza-alorrean, Hualdek eta Piquerrek aurki landuak izatekoak diren arauen errepasoa egin dute, hala nola Industriari buruzko Foru Legearena eta Merkataritzari buruzko Foru Legearen zenbait aldaketarena.
Orobat jorratu dituzte Nafarroak datozen urteotan izanen dituen erronkak; esate baterako, berrikuntza edo eraldaketa ekologiko eta digitala. Hualde gizarte-elkarrizketa ahalik inklusiboena bideratzearen alde mintzatu da, enpresari eta sindikatuen arteko enplegu-alorreko akordio berrietan loratu ahal izateko modukoa.