Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Abenduak 13

Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformari

Plataformak azpimarratu du Parlamentuak beti babestu izan dituela haien ekimenak eta lana

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Parlamentuaren egoitzan, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformari, immatrikulazioei buruzko iritziak azaltzeko eta informazioa emateko elkarri.

 

Plataformako ordezkariak, Cristina Contreras eta Andrés Valentin, pozik agertu dira, “Parlamentuaren gehiengoak Plataformak Nafarroako ondarea defendatze aldera proposatu izan dituen ebazpenak eta ekimenak onetsi izan” dituelako beti. Plataformak datorren urteko lehen hiletan eginen dituen jardueren berri eman dio lehendakariari, bai eta orain egiten ari den lanaren berri ere, zeina Nafarroako Gobernuaren eta zenbait toki-entitateren laguntzarekin egiten baitu.

 

Orobat, Plataforma kezkatuta agertu da 2028an 30 urte beteko direlako Hipoteka Legea onetsi zenetik, beldur baitira ez ote diren ondasunen eskuratze-preskripzioak gertatuko zenbait kasutan.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, eskertu egin du “Plataformak ondasun publikoen defentsan egin duen eta egiten duen lan izugarria, ikerketa zorrotzez eta erakundeekiko lankidetzan gauzatzen duena”. Lehendakariak gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak Elizak immatrikulatutako ondasunen ia 3.000 ohar soilen kopiak eman zizkiola Parlamentuari 2022ko azaroan, eta orduz geroztik herri-lur immatrikulatuen inguruan egiten ari diren lana azpimarratu du.

 

Lehendakariak adierazi dio Plataformari Parlamentuko lan-saio batean parte hartu ahal izango lukeela 2025eko lehen hiletan, arlo horretan onetsitako ebazpen parlamentarioak betetze aldera egindako urratsak aztertzeko.