Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Urriak 6

Parlamentuko Lehendakariak harrera egin dio Pirinioetako Mahaiari

Eskualdeko toki-entitateek ezinegona adierazi dute Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren desagerpenarengatik, eta nabarmendu dute beharrezkoa dela legegintza-batzorde bat sortzea

Nafarroako Parlamentuko Lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur goizean Julia Álvarez aretoan Pirinioetako Mahaiaren ordezkaritza bati, Carlos Buenok, Gurutz Gorraizek, Gustavo Goienak, Leire Remirok eta Javier Díezek osatua.

 

Bileran, Pirinioetako Mahaian biltzen diren toki-entitateetako bozeramaileek “ezinegona” adierazi dute bai Nafarroako Gobernuak orain arte osatu duen organigrama berrian Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia desagertu delako, bai “urtero % 10eko biztanle-galera” dutelako. Halaber, nabarmendu dute Despopulazioari buruzko lege bat egitea oinarri duen legegintza-batzorde bat eratzea beharrezkoa dela.

 

Horri dagokionez, Pirinioetako Mahaiko kideek aipatu dutenez, legegintza-batzordeak –arruntak ez bezala– “gauzatu eginen du orain arte Pirinioen aldeko diskriminazio positiboko neurriak bultzatzeko borondatea baino izan ez dena, Nafarroan despopulaturik dauden gainerako eremuetara zabaldu beharko liratekeenak, gure ustez".

 

Zehazki, Pirinioetako Mahaiak eskatzen du agenda politikoan sar daitezela populazioa finkatzen saiatzeko gai “erabakigarriak”, hala nola “eskualdeak inplementatzea, izapide burokratikoak herrien errealitatera egokitzea, ratioak doitzea hezkuntzan eta beste zerbitzu publiko batzuetan, eta zuzenbide- eta arau-hizkera egokitzea”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Nafarroako Parlamentuak jada IX. Legegintzalditik Pirinioarekin izan duen konpromisoaren berri eman du; izan ere, legegintzaldi horretan eratu ziren Ponentzia bat eta horren jarraipena egiteko Batzorde Berezi bat. Era berean, adierazi du orain arte egin den bezala “jarraipena” eman nahi zaiola lan horri guztiari Batzorde espezifiko baten bidez –Erregelamendu berrian jasotako figura–, zeinaren eraketa, hain zuzen, urriaren 19ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko baita.

 

Esandakoaren harira, lehendakariak Legebiltzarraren erantzukizuna nabarmendu du, zeinak oraindik ez baitie erantzunik eman “egiturazko hainbat arazori, hala nola despopulazioari, zahartzeari, enplegu-eskasiari edo oinarrizko zerbitzu eta azpiegituren defizitari konponbide bat emateko asmoz” egindako eskaerei.

 

Pirinioetako Mahaia erakundea Pirinioetako toki-entitateek osatzen dute, eta Parlamentuaren, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur toki-ekintzako taldearen ordezkariekin batera, Pirinioetako Batzarraren partaidea da. Azken hau Pirinioen Planak –despopulazio-prozesua geldiarazteko eta eskualdearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko proiektuen multzoa– ezartzen duen gobernantza-organo gorena da.