Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio Teresa Imízcoz Iruñeko Uhuneko zuzendari berriari
Hualdek eskertu du zuzendari berriaren prestutasuna Foru-ganberarekin elkarlanean aritzeko esparruak irekitzeko
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin dio, bere bulego ofizialean,Teresa Imízcoz Iruñeko UHUNeko zuzendari berriari, zeinak Carmen Jusué ordeztu baitu hark erretiroa hartu ondoren.
Teresa Imízcozek –2011tik UHUNen Gasteizko ikastetxe elkartuko zuzendari izandakoa da– bere burua aurkeztu dio lehendakariari; izan ere, kortesia-bisita egin dio unibertsitatea nafar gizarteari hurbiltzeko xedez erakunde eta entitateekin egiten ari den harreman-txandaren esparruan.
Zuzendari berriak azpimarratu du lankidetzarako bide andana dagoela Parlamentuaren eta Urrutiko Unibertsitatearen artean: “Gure asmoa da lankidetza-hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako Unibertsitatearekin eta NUPekin jada egin dugun bezala. Hiru unibertsitate gaude Foru Komunitatean, eta komeni da errealitate hori aipatzea”.
Ildo horretatik, UHUN da “Nafarroan Politika Zientzietako gradua eskaintzen duen unibertsitate bakarra; hain zuzen, ikasturte honetan eskaintza zabaldu dugu, Politika Zientzia: Analisi Politikoa, Politika Publikoak eta Nazioarteko Politika izeneko unibertsitate-masterra ezarri baitugu. Esparru horretan irakasle itzelak ditugu; beraz, unibertsitate-bizitza parlamentukoari lotzeko bideak urratzeko aukera dugu etorkizunean elkarlanean egiten ahal ditugun dibulgazio-programen bidez", esan du Teresa Imízcozek.
Bestalde, Unai Hualdek Parlamentuaren izenean eskertu du Teresa Imízcozek urrutiko hezkuntzari dagokion eginkizun “garrantzitsu” horretan duen “konpromisoa”, prestakuntza-modalitate hori ikasketa-inguru, -maila eta -estilo desberdinetara egokitzen dela eta. Era berean, aurreratu du begi onez ikusten duela Parlamentuko Mahaian planteatzea UHUNekin jarduera bateratuak egiteko aukera, Foru Komunitateko unibertsitate-sistemaren parte baita.
2023an, 50 urte beteko ditu UHUNen Iruñeko ikastetxe elkartuak –Espainiako lehenbizikoetako bat da–. Egun dituen 4.000tik gora ikasleekin ospatuko du, zeinak honako hauetan banaturik baitaude: 28 unibertsitate-gradu eta 11 gradu konbinatu; 72 master ofizial; 12 mikrogradu; 25, 40 eta 45 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko ikastaroak; Hizkuntzen Unibertsitate-zentroan beste hizkuntza batzuk ikasteko 6 ikasmaila eta UHUN Senior programa.