Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Abenduak 22

Parlamentuko lehendakariak Lehebib Breika Abderrahaman hartu du, Fronte Polisarioaren ordezkaria Foru Komunitatean

Unai Hualdek azpimarratu du legebiltzarraren konpromisoa dela saharar herriak aspalditik duen larrialdiko egoera zuzentzea, eta NBEren ebazpenei lotutako konponbide zuzen eta iraunkorra eskatu du

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko parlamentari taldeko koordinatzaile Carlos Menak gaur legebiltzarraren egoitzan hartu dute Lehebib Breika Abderrahaman, Fronte Polisarioaren ordezkaria Foru Komunitatean.

 

Bilera horretan, Lehebib Breika Abderrahamanek azaldu du sahararrak “egoera zailean” daudela une hauetan, Marokoren aurka azaroaz geroztik duten “gerra egoera” tarteko.

 

“Gizabidezko bisita da hau, Mendebaldeko Saharako azkenaldiko gertaerez hitz egiteko, baina, bereziki, parlamentu honek saharar herriaren autodeterminazioaren aldeko babesa agertuz beti eskaini digun laguntza eskertzeko. Eremu okupatuetako errepresioa salatu izana ere eskertu behar diogu. Era berean, Nafarroako Gobernuak, betiere Parlamentuaren oniritziarekin, laguntza humanitarioa eskaini izana eskertzen dugu”.

 

Unai Hualdek azpimarratu du legebiltzarrak konpromisoa hartu duela saharar herriak duela hamarkada batzuetatik jasaten duen “larrialdi humanitarioa” konpontzeko, eta, horren harira, eskatu du “konponbide zuzen eta iraunkor bat, Nazio Batuen ebazpenak betetzeari lotua, funtsean”.

 

Bakea eta Askatasuna Saharan askotariko parlamentari taldeak kide hauek ditu: Carlos Mena (PSN) koordinatzailea, Isabel Aramburu (Geroa Bai) koordinatzaileordea, Javier García (Navarra Suma), Patricia Perales (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde mistoa).

 

Fronte Polisarioa sahararren nazio askapeneko mugimendua da. Borrokan ari da “Marokok Mendebaldeko Saharan egin duen legez kontrako okupazioa amaitzeko eta autodeterminazioa behingoz lortzeko” saharar herriarentzat, baita beren aberriaren independentzia ere. Testuinguru horretan, ez du onartzen beste konponbiderik NBEk eta Afrikar Batasunak gainbegiratutako erreferenduma baino, aukeretako bat independentzia izanda.

 

Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa estatu burujabetzat onartu dute 85 herrialdek, gehienbat Afrikan (Afrikar Batasunaren sortzaileetakoa da) eta Latinoamerikan. Beste estatu askok, Europakoak tartean, aitortu dute Fronte Polisarioa dela saharar herriaren ordezkari legitimo bakarra.