Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 22

Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren 2020ko oroitidazkia jaso du

Administrazioaren isiltasunarekin eta erantzun ezarekin lotuta daude Gobernuak betebeharrak betetzen dituela kontrolatzen duen organoari egiten zaizkion errekerimendu gehienak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakariari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Beltránek 2020ko jarduera oroitidazkia eman dio, irailetik aurrera Batzordean aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltránek azaldutakoaren arabera, kexa kopuruak goranzko joera mantentzen du, 2020an 46 erregistratu baitziren, eta "azpimarragarria da urteko lehen seihilekoan, etxeko konfinamenduarekin eta pandemiak eragindako administrazio-jardueraren etetearekin batera 10 erreklamazio baino ez zirela aurkeztu, eta abuztutik aurrera, berriz, erreklamazioak nabarmen areagotu zirela".

 

Erreklamazio gehienak eragin dituen arrazoia "administrazioaren isiltasuna eta erantzunik eza" da, eta subjektu pasiboak oro har Foru Komunitateko Administrazioa edo Toki Administrazioak izan dira. Horietatik 33 pertsona fisikoek aurkeztu dituzte, eta 13 pertsona juridikoek. Generoari dagokionez, gizonezkoenak gailentzen dira ( % 87) emakumeen kexen gainetik (% 13).

 

Dena den, Beltranek adierazi duenez, "2021ean 64 eskakizun erregistratu dira jada, eta horrek esan nahi du orain arte egindako lana fruituak ematen ari dela, herritarrak hezten, sentsibilizatzen eta gardentasunaren arloan gero eta gehiago eskatzen ari direla. Etengabeko borroka da, baina borondate gehiago antzematen da eta, batez ere, kontzientziazioa", adierazi du.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Foru Parlamentuan azken hilabeteotan Nafarroako administrazioen gardentasunaren lege-erregulazioari buruz jorratzen ari diren gaiak nabarmendu ditu, bai eta Foru Parlamentuaren jarduerari berari buruzkoak ere.

 

Horri dagokionez, gogorarazi du datorren Osoko Bilkuran 2018ko Gardentasun Legearen aldaketa eztabaidatuko dela, Foru Komunitateko Administrazioaren atarian jaso dadin Covid-19aren ondoren Europako funtsekin finantzatuko diren suspertzeko proiektuei buruzko informazio guztia.

 

Barne-mailan, presidenteak Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua aldatzeko ponentzia aipatu du. Bertan, gardentasunari buruzko gaiak eztabaidatzen eta eguneratzen ari dira, besteak beste, foru parlamentarien informaziorako eskubidea edo dokumentaziorako sarbide publikoa.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Juan Luis Beltrán, eta 2018ko martxoaren 22tik Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.

 

Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak ematen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.

 

Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatzen du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ditzake.

 

Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu eteten erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.

 

Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko memoria aurkeztu behar du Nafarroako Parlamentuan.

 

Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan Nafarroako Parlamentuaren ordezkariak Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Javier Lecumberri (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai) eta Adolfo Araiz (EH Bildu) dira.

 

Gardentasunaren Kontseiluan daude gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatzen du, eta horrek, gainera, ordezko bat izenda dezake, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.