Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Maiatzak 10

Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren 2021eko oroitidazkia jaso du

Administrazioaren isiltasunarekin eta erantzun ezarekin lotuta daude Gobernuak betebeharrak betetzen dituela kontrolatzen duen organoari egiten zaizkion errekerimendu gehienak

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Juan Luis Beltrán Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakariari harrera egin dio gaur bere bulego ofizialean. Beltránek 2021eko jarduera oroitidazkia eman dio, aurki Batzordean aurkeztuko dena.

 

Juan Luis Beltránek azaldu duenez, erreklamazioen kopuruak goranzko joerari eutsi dio, guztira 95 izan baitira 2021ean, hau da, 2020an baino bi aldiz gehiago, orduan 46 erreklamazio aurkeztu baitziren.

 

Erreklamazio gehienak eragin dituen arrazoia, zehazki % 72, "administrazioaren isiltasuna eta erantzunik eza" da, eta subjektu pasiboak oro har Foru Komunitateko Administrazioa edo Toki Administrazioak izan dira. Horietako 53 pertsona fisikoek aurkeztu dituzte, eta beste 42 pertsona juridikoek. Generoaren arabera, gehienak gizonezkoak dira ( % 87) emakumeak baino ( % 13).

 

Beltranek adierazi du Estatu osoan “arazo komun” bat dagoela, administrazioaren isiltasunarekin eta erakundeen “erreakzio-faltarekin” zerikusia duena, agerian utziz “oraindik bide luzea dagoela egiteko”.

 

“Orain arte egindako lana fruituak ematen ari da, herritarrak hezten, sentsibilizatzen eta gardentasunaren arloan gero eta gehiago eskatzen ari dira. Etengabeko borroka da, baina borondate gehiago antzematen da eta, batez ere, kontzientziazioa. Hala ere, lanean jarraitu behar da gardentasunaren kultura Administrazioan eta erakundeetan sar dadin”.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Foru Parlamentuan azken hilabeteotan Nafarroako administrazioen gardentasunaren lege-erregulazioari buruz jorratzen ari diren gaiak nabarmendu ditu, bai eta Foru Parlamentuaren jarduerari berari buruzkoak ere.

 

Barne-mailan, presidenteak Nafarroako Parlamentuaren Erregelamendua aldatzeko ponentzia aipatu du. Bertan, gardentasunari buruzko gaiak eztabaidatzen eta eguneratzen ari dira, besteak beste, foru parlamentarien informaziorako eskubidea edo dokumentaziorako sarbide publikoa.

 

Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da Juan Luis Beltrán, eta 2018ko martxoaren 22tik Nafarroako Gardentasun Kontseiluko lehendakaria.

 

Osoko Bilkurak 2016ko apirilaren 21ean Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketa bat onetsi zuen eta haren ondorioz sortu zen Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua. Organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.