Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 1

Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Kutxa Fundazioko arduradunei harrera egin die

Topaketa Nafarroako Kutxaren III. Plan Estrategikoa izango dena prestatzeko lanen esparruan Fundazioak hasitako bilera-sortaren barruan kokatzen da

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak José Ángel Andrés, Juana García eta Javier Fernández, Nafarroako Kutxa Fundazioko presidente, presidenteorde eta zuzendaria, hurrenez hurren, hartu ditu gaur bere bulego ofizialean. Luis Ciriza Areté aholkulariak lagundu die.

 

Topaketa Nafarroako Kutxa Fundazioko arduradunek hasitako bilera-sortaren barruan kokatzen da, III. Plan Estrategikoa izango dena prestatzeko lanen esparruan, “Parlamentuak Foru Komunitatearen etorkizuneko erronkei buruz duen ikuspegia eta Fundazioak horietan izan behar duen zeregina biltzeko”, José Ángel Andresek adierazi duenez.

 

Aurrekoekin bat etorriz, hurrengo Plan Estrategikoa Fundazioaren misioarekin eta ikuspegiarekin lerrokatuko da, “elkartasunaren eta gizarte-aurrerapenaren arloan eragin eta erreferentzia izango duen entitate bihurtzen” saiatzeko.

 

Unai Hualdek, bere aldetik, Fundazioak izan dezakeen garrantzia nabarmendu du “gure Erkidegoak datozen urteetarako hainbat arlotan dituen gizarte-erronken aurrean”. Arlo hauek dira, aipatu duenez, “desgaitasuna, eraldaketa digitala eta adimen artifiziala, despopulazioaren aurkako borroka eta lurralde-kohesioa, berdintasuna, gazteria, immigrazio eta klima-aldaketaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa”.

 

Era berean, lehendakariak Fundazioaren ordezkaritzari Legebiltzarrak Gizarte Erakundeen Plataformarekin egindako hitzarmenaren ondorioz NUP Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna garatzeko egiten ari den txostena helarazi dio, III. Plan Estrategikoaren gida ere izan daitekeelako.

 

Nafarroako Kutxa Fundazioa irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta Nafarroako gizarte, ekonomia eta kulturaren aurrerapenean laguntzea du helburu, proiektu propioak sustatuz edo lankidetzan arituz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta, bereziki, kolektibo kalteberenen bizi-kalitatea hobetzeko.