Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Martxoak 23

Parlamentuko ordezkari talde batek Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratua bisitatu du

Ikastetxeak handiagoa izan nahi du “etenik gabe” hazten ari den eskariari erantzuteko, Lanbide Heziketaren barnean gehien eboluzionatu duen sektorekoa baita

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko eta Hezkuntza Batzordeko kide batzuek gaur goizean bisita egin dute Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuaren instalazioetara. Lanbide Heziketako ikastetxe publiko horretan prestakuntza arautua, etengabeko prestakuntza eta enplegurako prestakuntza ematen dira Nekazaritzako, Abeltzaintzako, Basogintzako eta Lorezaintzako prestakuntza-arloetan.

 

Bi batzordeetako kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Alberto Bonilla (Navarra Suma talde parlamentarioa), Virginia Magdaleno (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Florencio Niñok eta Víctor Lergak egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei. Ikastetxeko zuzendaria eta zuzendariordea dira, hurrenez hurren.

 

Navarra Suma talde parlamentarioak eskatuta egin da bisita, eta helburua izan da “ezagutzea ikastetxea eta haren instalazioak, ematen dituen heziketa zikloak, haren egoera eta etorkizunerako asmoak”.

 

Ondoren bilera egin dute, eta ikastetxeko arduradunek prestakuntza eskaintza azaldu dute. Ikastetxeak 200 ikasle izatetik 490 izatera pasatu da 20 urtean, eta hurrengo ikasturtean 500 baino gehiago izatea aurreikusten du. “Ikasleen kopurua bikoiztu egin da, baina instalazioak betikoak dira; are okerrago, gero eta lur gutxiago daukagu”, gehitu du Niñok, ikastetxeko zuzendariak.

 

Ikastetxean erdi mailako heziketa zikloak ematen dituzte arlo hauetan: Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ekoizpena, Natur Ingurunearen Aprobetxamendua eta Kontserbazioa, Lorezaintza eta Loradendak, eta Nekazaritza Ekologikoa (euskaraz). Goi mailako ziklo hauek ere ematen dituzte: Paisajismoa eta Landa Ingurunea, Basoen eta Natur Ingurunearen Kudeaketa, eta Abeltzaintza eta Abere Osasuneko Laguntza (duala). Oinarrizko Lanbide Heziketa ere eskaintzen dute Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueren arloan, eta Lanbide Heziketa Berezia, Nekazaritza eta Lorezaintzako laguntzailea izateko.

 

“2018an gure eskaintzari gehitu genion Segurtasuna eta Ingurumena lanbide-arloko goi mailako beste ziklo bat: Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola. Eta 2020tik Elikadura Industriak lanbide-arloko erdi mailako beste ziklo bat eskaintzen dugu: Oliba-olioetako eta Ardoetako teknikaria, duala hori ere.  2022an berriro handitu dugu prestakuntza eskaintza, baina oraingoa goi mailako zikloa izan da, Mahastizaintza eta Ardogintzako goi mailako teknikaria, hain zuzen”, azaldu du Niñok.

 

Bestelako prestakuntza ikastaroak ere egiten dira ikastetxean, hala nola profesionaltasun ziurtagiriak eta lanbide akreditazioak, eta berrikuntza gisa ikasturte honetan Kideak programan parte hartzen hasi dira. Nafarroan familia-laguntzarik ez duten gazte migratzaileentzako arreta integraleko programa da, eta oraintxe 5 lagun ari dira lorezaintzako laguntzaile izateko ikastaroa egiten.

 

Florencio Niñok esan du ikastetxea handitu beharra dagoela “etenik gabe hazten ari den” eskari osoari aurre egiteko, eta hau erantsi du: “Nekazaritza eta basogintzako sektorea da gehien eboluzionatu duena eta gehien garatu dena azken urteotan, Lanbide Heziketari dagokionez”.

 

Azkenik, ikastetxeko zuzendariak eta zuzendariordeak ikastetxearen alde apustu egiteko beharra azpimarratu dute. Ikastetxeak Nafarroa osoko ikasleak hartzen ditu, eta emakumezkoak % 33 dira, 489 ikasleetatik 131, zehazki. “Nekazaritza eta basogintzako sektorearen aldeko apustua egin behar dugu, hona ikastera datozen gazteak proiektu berriekin eta ekinbide berriekin itzul daitezen herrietara, eta, horrela, landa inguruneko populazioa finkatu egin dadin. Parlamentuak aprobetxatu egin behar du hazkunde hori”, baieztatu dute.

 

Bileraren ondoren, Parlamentuko ordezkariek ikastetxearen instalazioak ikusi dituzte: ikasgela arruntak, lantegi-ikasgelak, traktore eta makinen biltegia, lorezaintzako biltegia, eta praktiketarako zenbait finka berotegi eta mintegiekin, laborantzarako lurzatiekin, lorategiekin eta abeltzaintzako instalazioekin.