Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 8

Parlamentuko ordezkari talde batek Josenea elkartearen instalazioak bisitatu ditu Irunberrin

“Living Lab” proiektua ezagutzeko, elkarteak aurrera eraman nahi duena ekonomia zirkularreko Europako lehen parkea sortuz

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Batzordeko kide batzuk gaur goizean Josenea irabazi-asmorik gabeko gizarteratze eta laneratze erakundearen instalazioak ikustera joan dira. Bordablanca finkan daude, Irati ibaiaren bazterrean, Irunberrin.

 

Bi batzordeetako kide hauek bertaratu dira: Maribel García Malo, Carlos Pérez-Nievas, José Suárez (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz eta Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera agertu dira Txus Cía, Josenea elkarteko zuzendaria; Belén Gay, Josenea elkarteko gizarteratze teknikaria; Ibon Mimentza, Cederna Garalur elkarteko kudeatzailea, eta Carlos García, Cederna Garalur elkarteko landa garapeneko agentea. 

 

Talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztiek eskatu dute bisita egiteko, eta helburua izan da “Living Lab proiektua ezagutzea, elkarteak aurrera eraman nahi duena ekonomia zirkularreko Europako lehen parkea sortuz”.

 

Ondoren bilera egin da, eta Josenea elkarteko arduradunek proiektuaren berezitasunak azaldu dituzte. Hala, Bordablanca finka “materialen berrerabilera eta birziklapena oinarri dituen jardunbide ekonomiko berri hau ezagutarazteko eta praktikan jartzeko gune” bilakatuko dela esan dute.

 

Horretarako, parkean batu nahi dituzte soroak, berotegiak, lehortegiak, konposta egiteko instalazioa eta gastronomia gunea, eta inguruko nekazaritzako elikagaien salmenta eta sustapena ere erantsi nahi dituzte, hurbileko merkataritzari bultzada emateko. Helburua da “living lab bat eraikitzea, egiazko entsegu-banku eta saiakuntza-ingurune bat non erabiltzaileek eta ekoizleek elkarrekin berrikuntzak sortzen ahalko dituzten”, landa eremu batean kokatua, ekonomia zirkularra sustatze aldera.

 

Proiektuaren barnean, “Irati” harmonizazio zentroa “esperimentazio eta josteta tokia izanen da, naturarekin bat eginda sentitzeko gunea”. Beste gune batzuk ere izanen dira: elikadura ekologiko osasungarria ardatz duen gastronomia zirkularrerako gunea, Pirinio aldeko eta sasoiko barazkiak ekoizteko zentroa, eta beste zentro bat haiek merkaturatzeko, hurbileko eta “0 kilometroko” beste produktu landu batzuen dastatzea eta catering-a barne.

 

Proiektuak 500.000 euro inguruko kostua du, eta Txus Cíak azpimarratu du bere osoan baloratu behar dela proiektu estrategiko bakar gisa, eta planteamendu globala duela, “hezkuntzaren, gizartearen, ingurumenaren, ekonomiaren, berrikuntzaren, turismoaren eta landa garapenaren arloak lantzen dituen proiektua baita”.

 

“Europan ekonomia zirkularreko lehenbiziko parkea sortzeko, beharrezkoa da eragile guztien indarrak batzea, are beharrezkoagoa honako hau bezalako landa eremu jendegabetuetan. Edozein jarduerari atarramendua ateratzen dion lan egiteko modu baten eredu izan nahi dugu”, gehitu dute Josenea elkarteko kideek.

 

Joseneari 90.000 euro eman zaizkio, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei egindako zuzenketa baten bidez, eta zuzendariak azaldu du harreragunea egokitzeko erabiliko direla, “panelak, maketak eta unitate didaktikoak sortzeko”.

 

Gizarteratu eta laneratzeko prozesuan ari diren pertsonen lanaren balioa nabarmendu du Cíak. “Ekonomia zirkularraren parte dira, hemen bizimodu berri eta hobe baterako prestatzen baitira. Finka honetan eraiki den guztia haiek egina da”.

 

Bileraren ondoren, bi batzordeetako kideek bisita egin dute finkako instalazioetan zehar. “Finka ekologikoa, autosufizientea eta jasangarria da energiari, hondakinei, birziklapenari eta konpostari, efizientzia hidrikoari eta landaketa sistemari dagokienez”.