Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordearen ondorio txostena onetsi du

Laukoak desagerpenaren errua egozten die negozio-ereduaren aldaketari —Goñik sustatua— eta kontrol-eginkizunak albora utzi izanari, eta UPNk eta PSNk, berriz, egoera ekonomikoaren ondorio izan zela diote

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin, Nafarroako Kutxa galdu izanaren arrazoiak aztertzeko eta erantzukizunak argitzeko eratutako Ikerketa Batzordearen ondorio txostena.

 

Testu horrek “negozio-ereduaren aldaketari, Enrique Goñik sustatuari” eta “foru erakundeek bete behar zituzten kontrol eginkizunak albora uzteari” egozten die finantza-erakundea galdu izana, eta “% 80ko ondare-galera, inguruko beste erakunde batzuek jasandakoa baino askoz handiagoa” aipatzen du.

 

Ondorioetan badira bi boto partikular, bata UPNk sinatua eta bestea PSNrena. Biak bat datoz Batzordearen izaera elektoralista nabarmentzean, eta sinetsita daude, “egoera ekonomikoari erreparatuta, Nafarroako Kutxak inola ere ezin zuela bere jarduera bakarka aurrera eraman”. Sozialistek, hala ere, argi ikusten dute “eginkizunak albora utzi zirela foru gobernuen gainbegiratze lanetan”, eta UPNk, kritika horri aurre eginez, “fiskalizazioaren arduraduna Espainiako Bankua” izan zela argudiatzen du.

 

Boto partikular gisa jaso baino lehen, UPNren ondorioak atzera bota dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta PPNren abstentzioarekin. PSNren ondorioak, bestalde, ezetsi egin dira PPren abstentzioarekin eta UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin.

 

Ikerketa Batzordea 2016ko apirilaren 27an eratu zen, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren eskutik, eta haren helburua izan da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare multzoaren gaurko egoera.

 

Txostenean hau azaltzen da ondorio gisa: “Ez dago frogaturik, ez ikuspuntu finantzariotik ez erregulazioaren aldetik, Nafarroako Kutxak ezin zezakeenik bakarka aurrera egin, Gobernuari zegokion ikuskapen lana albora utzi izan ez balitz, edota Nafarroako Kutxaren ondarerako galgarriak gertatu ziren erabaki estrategiko batzuk hartu izan ez balira, esaterako Caja Sol ez balitz integratu (2010eko azaroa) Banca Cívican (2010eko ekainean eratua, Nafarroako Kutxa, Caja Burgos eta Caja Canarias bat eginda), edo Banca Cívica burtsaratu izan ez balitz 2011n”. Ondare-galera “mila milioi eurokoa” izan zen.

 

Gainbegiratzeari dagokionez, “1978tik ez zen halako lanik egin, nahiz eta estatutuetan Nafarroako Kutxako gobernu organoetako postu estrategiko batzuk eginkizun horretan aritzeko gordeta zeuden”. Are gehiago, “Nafarroako Gobernuko kide batzuek azaldutako jarrerekin aurrez aurre, Nafarroako Kutxaren estatutuak, Foruen Hobekuntza, Kontuen Ganberaren txostenak eta Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostenak azterturik, zaintza lan hori Foru Gobernuari zegokiola ondorioztatu behar da”.

 

Hala, ohiko banku negozioan arituta 2001ean sektoreko sendoenetako bat izatera iritsi zen entitatearen ibilbidea aztertu ondoren, auzitan jartzen da Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi izendatu izana, baita “higiezinen burbuila bere gorenean zegoen urteetan” negozio eredua aldatu izana ere (bulegoen ugaritzea, erretiro aurreratuak, plantilla handitzea). Estrategia horrek, txostenak dioenez, “kaudimen ratioaren beherakada areagotu zuen eta Espainiako Bankuak bultzatutako bat-egiteen mendean utzi zuen Nafarroako Kutxa”.

 

Horri dagokionez, “Kontrol Batzordearen akta bakar batean ere ez da ageri Enrique Goñik hartutako erabakiei buruzko inolako eztabaidarik. Ezin izan da egiaztatu batzorde horretako kideek erabat ulertzen ote zituzten Enrique Goñik aurkeztutako eragiketek kontabilitatearen, finantzen eta negozioaren aldetik ekarriko zituzten ondorioak; hala ere, dieta gisako ordainsariak jasotzen jarraitu zuten”.

 

Jada 2010eko estatutuekin ere, “ez dago jasorik Entitate Sortzaileen Batzarreko Batzorde Iraunkorreko kideen inolako jarduerarik”. Informazio-bilkura horien edukia “berriz jorratzen zen oso-osorik Entitate Sortzaileen Batzarraren bilkuretan”.

 

UPNk eskatuta erantsi den boto partikularrak azaltzen duenez, Nafarroako Kutxak “2002tik aurrera hobetu egin zuen bere kudeaketa, eta Espainiako Bankuaren balorazio gero eta positiboagoak jaso zituen, baina krisi ekonomiko eta finantzarioak eragina izan zuen haren emaitzetan”.

 

Testuinguru horretan argudiatzen denez, kontuan izanda banku-fundazio bihurtu zela eta gaur egun geratzen diren 14 banku-fundazioetako bat dela (2009an baziren 45), “argi dago haren jarduna kidekoen batez bestekoa baino hobea izan zela”. Horri gehitzen bazaio “Nafarroako gizarte ekintza dela Espainian biztanle bakoitzeko euro gehien jasotzen dituena”, esan daiteke “ez dagoela arrazoirik nafarrek ahalmen eta kalitate finantzarioaren galera jasan izana frogatzen duenik”.

 

“Asko jota, eta Nafarroako Kutxa Fundazioak Caixabankeko Administrazio Kontseiluko postu baterako eskubidea badu ere, aitor daiteke erabakien gunea jada ez dagoela Nafarroan, eta hori jada halaxe zen 2010eko ekainaren 6an Banca Cívica sortu zenean. Beraz, galera sentimental hutsa da, garai batean Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa desagertzeak ekarri zuenaren antzekoa”.

 

PSNk eskatuta erantsitako boto partikularrak propagandaren alorrean kokatzen du “Batzorde honen helburu bakarra”, tematuta omen baitago “bere ondorioak lotsarazteraino luzatzen, hauteskunde-arma bilakatzeko”.

 

Hortik aurrera, eta argi utzi ondoren “erantzukizun politikoak” direla ikergai, “inola ere ez enpresa-kudeaketaren arlokoak”, laukoarengandik aldentzen da, esanez “ameskeria bat sinetsarazi” nahi duela, alegia, “Nafarroako Kutxak aurrera egin zezakeela bakarka edo gaur egungo Kutxabanken antzera”. Eta UPNrengatik ere esaten du “bat-egite eta xurgatzeen aurretiko gobernuek egin zituzten gobernu-ekintza guzti-guztiak” justifikatzen dituela.

 

Hala ere, “kudeaketa-erabakietan eragin politikoak oso pisu txikia” izan zuela argitzen du, eta zehaztu egiten du legeria izan zela, baita Europakoa ere, 2010ean Espainiako aurrezki kutxak desagerrarazi zituena. Beraz, “legearen ikuspegitik, Nafarroako Kutxak bakarka bizirik irautea ezinezkoa zen”.

 

Testuinguru horretan, Nafarroako gobernuei leporatzen die “in vigilando eginkizunetan utzikeriaz jardutea, etengabe, 90eko hamarkadaren amaieran Nafarroako Kutxak Iruñeko Udal Aurrezki Kutxa xurgatzea erabaki zenez geroztik. Hain zuzen, Ogasun Departamentuak ez dauka inolako informaziorik, 1999tik egindako mugimenduen gaineko balorazio-txostenei dagokienez”.

 

Nafarroako Kutxaren ondare-galera dela eta, hau baieztatzen da: “Ez zen izan beste aurrezki kutxa batzuena baino handiagoa. Prozesu osoan zehar Nafarroako Kutxaren balioaren narriadura ageri bada ere, zenbatekoa ezin liteke inola ere zehaztu, Espainiako gainerako aurrezki kutxekin gertatzen den bezala. Prozesu horretatik guztitik gelditu dena Nafarroako Kutxa Fundazioa da; beraz, eraldaketa bat gertatu da, ez desagerpen bat.

 

Arlo judizialean, Kontuz elkarteak auzitegietan jarritako salaketa guztiak artxibatu egin direla azpimarratzen da, eta uko egiten zaio exekutiboen soldatak eta kaleratzeagatik kobratu ziren kalte-ordainak baloratzeari. Bi kasuetan ere, ez dute hautematen “ez erantzukizun politikorik ez administrazio desleialik”.

 

Eta dietei dagokienez, “organo judizial eskudunetan egiaztatu denez, legezkoak” direla baieztatzen da, baina “ordainsari horiek kobratu zituzten Gobernuko arduradunei etika falta” egozten zaie.

 

Azkenik, Nafarroako Kutxa Fundazioaren inbertsio ahalmena nabarmentzen da, urtean 13 milioi euro inguru, “beren aurrezki kutxak banku fundazio bilakatuta ikusi dituzten gainerako lurraldeetan baino askoz gehiago”. Eta aitortzen da legearen aginduz egindako eraldaketak “nekez beteko den hutsunea” utzi duela “kidetzaren zentzuan eta sinbologian”.

 

Ondorio txostenean bazegoen hirugarren boto partikular bat, Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) sinatua, baina azkeneko momentuan sinatzaileak berak atzera bota duena, eta bertan Foru Ogasunari eskatzen zitzaion ofizioz abiaraz zezala “Enrique de Mulderrek 2005etik 2009ra bitartean ordaindu behar zukeen PFEZari buruzko ikuskapena”, sinetsita baitzegoen “Nafarroan bizi izan zela Viálogos Capital Humano enpresan lan egin bitartean”.

 

Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) buru zutela, honako hauek izan dira Ikerketa Batzordean: Luis Zarraluqui, Luis Casado (UPN talde parlamentarioa), Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Bere lanetan zehar Ikerketa Batzordeak hainbat entitate, aditu eta goi kargudunen balorazioak eta proposamenak jaso ditu. Duela ia hiru urte lanean hasi zenetik bilkura asko egin ditu, lehenbizikoa 2016ko maiatzaren 20an. Guztira, 47 bilera, 15 agerraldi eta 23 bilkura.

 

Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak ez dira lotesleak izanen auzitegientzat, eta ez dute eraginik izanen ebazpen judizialetan. Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Foru Diputazioari jakinaraziko zaizkio. Horrez gain, Parlamentuko Mahaiak Fiskaltzari helarazi ahalko dizkio, dagozkien akzioak egikaritzeko, bidezkoa bada.

 

Ikerketa batzordeak azkendu egiten dira eskatu zaien lana amaitzen dutenean eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.