Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Otsailak 26

Parlamentuko Turismo Batzordeak bisita egin du Errege Bardeako Bisitarien Informazio eta Harrerarako Zentrora

Asmoa izan da eginiko turismo-sustapeneko lana eta aurrera eramaten diren jarduerak ezagutzea

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak bisita egin du gaur goizean Errege Bardeako Parke Naturaleko Bisitarien Informazio eta Harrerarako Zentrora, Arguedas udalerriko Aguilaresen dagoen horretara, bertan egiten diren jardueren berri izateko asmoz.

 

Bertaraturiko batzordekideak izan dira Javier Trigo eta Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo eta Olga Chueca (PSN talde parlamentarioa), Oihan Mendo (EH Bildu talde parlamentarioa), Itsaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa), Javier García (PPN talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari Komunitateko lehendakari José María Agramonte jaunak egin dio abegi, Bardearen Hego Atea izanen dena kokatuko den lursailean, Fustiñanako herrian.

 

Orobat bertaratu dira batzorde iraunkorraren kide diren Patricia cuevas (Turismoa), Félix Rodrigo (Nekazaritza eta Azpiegiturak), Jesús Mugueta (Abeltzaintza), Concepción Ausejo (Hezkuntza) eta Félix Zapatero bera, zeina, parlamentari izateaz gain, komunitateko gobernu-organoaren kide baita, koordinatzaile-postuan. 

 

UPN talde parlamentarioaren ekimenez gauzatu den bisita honek xede izan du "Errege Bardeako Bisitarien Informazio eta Harrerarako Zentroan eginiko turismo-sustapeneko lana ezagutzea, bai eta Parkea babestearren egiten ari diren jarduerak eta aurre egin behar dieten premiarik berehalakoenak ere".

 

Aguilaresera iritsitakoan, José María Agramontek Turismo Planeko ekintza nagusietako batzuk esplikatu dizkie Parlamentuaren ordezkariei. Plan hori, 2020an onetsia, lau helburu, zazpi jarduera-ildo eta 40 proiektu zehatzetan dago egituratuta. 

 

"Turismo jasangarrirako plan bat funtsezkoa da zenbait erronkari heltzeko, turismoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko eta Bardeak epe luzean helmuga erakargarri eta baliotsua izaten jarrai dezan bermatzeko", adierazi du Agramontek.

 

Hain zuzen ere Errege Bardea turismo-helmuga jasangarri eta adimentsu gisa eta natur turismoko kalitatezko produktu jasangarrien hornitzaile gisa tankeratu dadin sustatzeko xedearen barrenean, azalpenak eman zaizkie bertaratuei Aguilaresko zentroa eraberritu, egokitu eta handitzeko proiektuari buruz, zeinaren asmoa baita sartzeko eta ateratzeko bi ibilbide bereizi antolatzea, bai eta harrera-eremua handitzea ere.

 

Ipar eta Hego Ateak

Komunitateak epe laburrean heldu nahi dien proiektuetako bi dira harrera-, informazio- eta interpretazio-zentro hauek eraikitzea: Zarrakazteluko Monasteriokoa (Ipar Atea deitua) eta Las Heras - Fustiñanakoa (Hego Atea).

 

Biak ala biak Next Generation EU funtsekin daude finantzatuta, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 2021eko Deialdi Bereziaren eta Helmugako Turismo Jasangarritasunerako Planaren abaroan, eta helburua da harrera-zentroen sarea handitu eta dibertsifikatzea, Aguilareseko zentrorako jende-jarioa gero eta handiagoa da-eta.

 

Batu egiten badira egin beharreko bideak, erosi beharreko lursailak, idatzi beharreko proiektuak eta obren lizitazioa eta exekuzioa, batura 4.617.372 euro da (2.356.482 euro Zarrakaztelukoa, eta 2.260.890, Fustiñanakoa); horietatik, 1,3 milioi euro aipatu Europatiko finantzaketatik datoz.

 

Berrogei turismo-gidari ziurtagiridun

Turismo Planak jasotzen dituen askotariko proiektuen artean nabarmentzen da Parke Naturaleko Gidari-Interprete izateko unibertsitate-hedapeneko ziurtagiri-ematea, Nafarroako Unibertsitate Publikoan gauzatua, Zientzia eta Ondareko Errege Bardea Katedraren abaroan.

 

Horrela, kultur eta natur gidaritzari buruzko diziplinarteko prestakuntza irisgarri baten bitartez, 40 pertsona hezi dira, gero batean jarduera hori maila profesionalean aurrera eraman ahal izateko. Modalitate hibridoan irakatsi da, eta otsail honetan bertan bukatu.

 

Horrez gain, ekin nahi zaien beste zeregin batzuen berri ere eman zaie parlamentariei, hala nola Parkeko seinaletikaren eraberritzea, "El Ferial" gunearen birmoldaketa edo Castildetierra eremuan aparkaleku bat apailatzea.

 

Milioi batgarren bisitaria

Aguilaresko zentrotik pasatu diren bisitarien kopuruari dagokionez, Komunitateko lehendakariak berak jakinarazi du ezen uda honetan zehar milioi batgarren bisitarira iristea aurreikusten dela.

 

"940.148 pertsonako batura historikoarekin amaitu dugu 2024a; horrenbestez, aurten milioi bat bisitariko kopurua gaindituko dugu", azpimarratu du Agramontek.

 

Azken urtean 116.038 bisitari pasa dira Harrera Zentrotik. Horietatik, % 70 atzerritik zetozen, eta % 30 bakarrik ziren turista nazionalak.

 

Batez besteko bisitaria bere kotxean etortzen da, dela bikotean (% 47), dela familian (%34), eta ordu batzuk ematen ditu bisitan. Pertsona guztien % 97 lehenbizikoz etorria da, eta 10etik 9k ez zuten bisita gidaturik antolatzen, baizik eta bere kasa egiten zituzten jarduerak.

 

Beren mintzaldietan, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN, Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa nahiz Voxen eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua bada egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.