Pedro Rascón eta Irantzu Zabalza izanen dira Nafarroako Parlamentuko ordezkariak Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoan
33/2013 Legea betetzeko jarduerak koordinatzea eta arlo horretako planak egitea da organo honen eginkizuna, sinbolo frankisten errolda prestatzea barne
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako BatzordeaK gaur Pedro Rascón Macías (PSN) eta Irantzu Zabalza (Geroa Bai) hautatu ditu Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoan Nafarroako Parlamentuaren ordezkari izateko.
PSN eta Geroa Baik adostutako hautagaiak izan dira Pedro Rascón eta Irantzu Zabalza eta bakoitzak 8 boto lortu ditu, beren taldeenak eta, EH Bildurenak eta Contigo-Zurekinenak.
UPNk Juan Frommknecht (UPN) aurkeztu du. Frommknechtek 5 boto lortu ditu, bere taldeko lauak gehi PPNkoak.
Hautaketa isilpeko bozketaren bidez egin da, eta parlamentari bakoitzak boto-orrian bi izen jartzeko aukera izan du, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Batzordeak izendatu beharreko kide adina.
Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoa 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legeak sortutako organoa da, eta bere eginkizunak dira elkarte, erakunde akademiko eta entitate publikoen jarduketak koordinatzea, foru lege horretan ezarritakoak zuzen bete daitezen; eta memoria historikoaren arloko planak egitea, arau-garapenean parte hartzea eta bidezko diren gomendioak onestea, baita sinbolo, idazkun eta aipamen frankistei buruzko errolda bat prestatzeko eginkizuna, Nafarroako Gobernuari aurkezteko.
Batzordearen burua Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria izango da. 12 kideetatik lau Foru Komunitateko Administrazioko edo Justizia Administrazioko langileak izanen dira. Horietako hiru Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak izendatuko ditu, eta horietako bat auzitegiko medikuntzako teknikaria izan beharko da. Laugarren mahaikidea Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak hautatuko du eta Historian edo Arkeologian espezialista izanen da.
Nafarroako Parlamentuak izendatutako bi kideez gain, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak beste bat hautatuko du Foru Komunitateko toki korporazioetako kideen artean.
Fusilatutako pertsonen senideen elkarteek bi mahaikide proposatuko dituzte, eta historia, auzitegiko medikuntza eta arkeologiako gaiekin zerikusia duten erakunde profesionalek ordezkari bat izanen dute, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak hautatua.
Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak ere bi kide izendatuko dituzte, Historia, Arkeologia edo Auzitegiko Medikuntzako aditu bana.
Itxaso Soto (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Marta Álvarez, Miguel Bujanda, Mª Jesús Valdemoros (UPN), Kevin Lucero, Lecumberri, Inma Jurío (PSN), María Solana (Geroa Bai), Eneka Maiz, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Maribel García Malo (PPN) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin). Vox ez da egon.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Arauen argitalpena (25. NPAO, 2023-10-27koa)
- Hautagaitzak (34. NPAO, 2023-11-14koa)