Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 9

Pobreziaren eta bazterketaren ondorioz gazteen parte-hartzea urria dela ohartarazi du Parlamentuak

PSNren jabeldura bati erantzunez, non baieztatzen baita Gobernuaren planteamenduan burokrazia asko dagoela, "baina etengabe aurrera egiteko neurri zehatzik ez"

Gazteei hitza emateko eta gazteek parte hartzeko beharra agerian jarri da gaur Nafarroako Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran. Bertan ohartarazi da gazteen parte-hartze urriak zerikusia duela haien egoera sozioekonomikoarekin, hau da, kasu askotan, bazterketarekin eta pobreziarekin.

 

Gazteek gizartea eraikitzeko orduan duten parte-hartzeari buruz PSNk Gobernuari egindako jabeldura batek piztu du gai horren inguruko eztabaida.

 

"Gazteei hitza emateaz ari gara", esan du PSNko parlamentari Guzmán Garmendiak, eta erantsi du gazteek ez dutela ekintza politikoan parte hartzen, eta ez politikaz paso egiten dutelako, baizik eta politikak ez dielako gazteei begiratzen.

 

Gazteak "teknologiaren eta mugikorren inguruan dabiltza, eta Gobernua ez dabil horretan", Garmendiaren esanetan. Gobernuari aurpegiratu dio bere proposamenetan "burokrazia asko" dagoela, "baina neska-mutilekin etengabe hitz egiteko neurri zehatzik ez". Bere taldeak bai, hitz egin omen du gazteekin, eta gazteek eskaerak helarazi dizkiete, besteak beste ingelesaren irakaskuntzaren hobekuntza, bekak edo PFEZaren beherapena.

 

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak, Ana Herrerak, arlo horretan denek dutela erantzukizuna adierazi du, eta gazteen parte-hartzeak benetakoa izan behar duela eta gazteen egungo egoeraren arabera diseinatu behar dela gaineratu du.

 

Horren harira esan du Gazteria Plana berebiziko aukera dela "moldeak berritzeko eta eraginkorrak izaten saiatzeko", eta gero azpimarratu du ez dutela aski "gazteei iritzia galdetzea", apustu egiten baitute "erabaki partekatuen alde".

 

Parte-hartzea eta espazioak batera kudeatzea xede duten ekintzetarako aurrekontuan ezarritako kontu-sailak aipatu ondoren, Herrerak iragarri du laster aurkeztuko dutela II. Gazteria Plana.

 

Haren azalpenen arabera, plan horretan hiru mailatan garatu da parte-hartzea: gazteen kolektiboa, eskualdeko foroen, lantegien eta inkesten bitartez; parte-hartze teknikoa, eta parte-hartze politikoa. Mahai teknikoetan enplegua, etxebizitza, hezkuntza, osasuna, kirola, parte hartzeko berdintasuna edo bizikidetza bezalako gaiak jorratu dira.

 

Cristina Altuna (UPN parlamentu-taldea) parte-hartzearen kulturaren alde mintzatu da, eta ohartarazi du gazteen pobreziaren eta bazterketaren zifra kezkagarriak direla helburu hori lortzeko bidean oztopoetako bat, eta erakundeekiko mesfidantza eragiten dietela gazteei.

 

Jokin Castiellak (Geroa Bai parlamentu-taldea) Garmendiari egotzi dio gazteria "objektutzat hartzea, ez subjektutzat", eta aitortu egin du badirela arazoak gazteak klase politikoaren aurka daudelako eta klase politikoak gazteen langabezia tasa izugarria bezalako arazoak lehenesten dituelako gazteen parte-hartzearen gainetik, nahiz eta Gobernuak parte hartzeko mekanismo asko ezarri.

 

Asun Fernández de Garaialdek (EH Bildu) nabarmendu du beharrezkoa dela gazteek gizartean, kulturan eta politikagintzan modu normalizatu eta aktiboan parte har dezaten sustatzea. "Ezinbestekoa da gazteak ahalduntzea eta emantzipatzea", erantsi du.

 

Fanny Carrillok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) gai horri "funtsezkoa eta garrantzi handikoa" iritzi dio. Parte-hartze urriak sustrai ekonomikoak dituela azpimarratu du, eta, beraz, egoera ekonomikoa zuzendu arte ez dela benetako parte-hartzerik izanen.

 

Javier Garcíak (PPNko foru-parlamentarien elkartea) oso interesgarritzat jo du gazteei politika guztietan parte harraraztea, eta garapen ekonomikorako politiketan Gobernu honek gazteei lekurik egiten ez diela deitoratu du.

 

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru-parlamentarien elkartea) kontseilariaren erantzuna balioetsi du, eta, harekin bat etorriz, gazteen pobrezia eta bazterketa parte hartzeko oztopo direla iritzi dio.