Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak urteko txostena aurkeztu du
Azken lau urteotan errekuperazio arina hauteman den arren, Nafarroako datuak altuak dira eta pobrezia errotu eta kroniko bihurtu dela iradokitzen dute
Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak urteko txostenaren datuak aurkeztu ditu gaur Nafarroako Parlamentuan, Pobreziaren Egoera. Espainian pobreziaren eta gizarte bazterketaren adierazlearen jarraipena 2008-2018 izenpean Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Europako Sareak egina.
Ikerketak nabarmentzen duenez, 2018an AROPE adierazle europarraren arabera, biztanleriaren %12,6, hau da, Nafarroan 81.627 pertsona pobrezia edo gizarte bazterketa egoeran bizi direla, aurreko urteko kopurua baino %0,9 gutxiago. Pertsona hauen artean %58 emakumeak dira.
Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sareko kide diren Jesús Garcíak, Amaia Leránozek eta Gara Gonzálezek azaldu dutenez, 2009 urtetik mundu mailako krisi sozio-ekonomikoaren inpaktua Nafarroan kontzentratu zen bereziki lehenengo urteetan, tasa 5,9 puntu hazi baitzen (2008ko %8,6tik 2013ko %14,5era). Azken lau urteotan errekuperazio arina hauteman den arren, pobrezia edo gizarte bazterketa arriskuari buruzko datuak altuak dira eta pobrezia errotu eta kroniko bihurtu dela iradokitzen dute.
“Ekonomia hazten ari den arren, herritarren sektore bat ez da hobekuntza handirik nabaritzen ari bere egoeran,eta horrek hausnartzera eramaten gaitu politika publikoetan beharrezkoa den inbertsioari eta sortutako aberastasuna birbanatzeari buruz” baieztatu du txostenaren aurkezpenean Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sarearen Batzorde Iraunkorraren kide den Jesús Garcíak.
AROPE adierazlea pobreziaren edo gizarte bazterketaren ikuspegi dimentsio aniztuna jasotzen duen tasa bat da. Bertan, pobrezia ekonomikoko arriskuan, gabezia materiala duten edo enpleguan intentsitate baxua duten biztanleak kontabilizatzen dira.
2018. urtean Nafarroako Foru Komunitateko biztanleen % 8,3a pobrezia ekonomikoko arriskuan zegoen. Hau da, aurreko urtearen balioarekin alderatuz gero, sei hamarren areagotu da eta eten egin da hiru urte jarraietako murrizketa.Nafarroan 57.000 pertsona inguru daude pobrezia ekonomikoko arriskuan, iaz baino 4.000 gehiago.
Pobrezia larriaren tasak agerian uzten du Nafarroan, 2018. urtean, 12.000 pertsona bizi direla hilean 370 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten etxeetan. Sareak datu hori era baikorrean baloratzen du, izan ere, Nafarroan 14.000 pertsonak utzi zioten pobrezia larria pairatzeari, aurreko pixkanakako hazkunde-joera hautsiz. Diru-laguntza jakin batzuen eraginkortasuna nabarmentzen dute, haien artean errenta bermatuarena, baina, halaber, azpimarratzen dute ezin diotela kritikoak izaten jarraitzeari utzi eta pobrezia-tasa hazi dela oroitarazi beharra dutela.
Nafarroako biztanleen % 8,1aren etxeetan lan egiteko adinean dauden kideek haien enplegu-ahalmena baino % 20 gutxiago lan egin zuten aurreko urtearekin alderatuta. Hots, 39.088 pertsona enplegu-intentsitate baxua duten etxeetan bizi dira.
Tasa honek adierazten digu Nafarroako biztanleen % 5,9 ondasun eta zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko zailtasunak dituzten etxeetan bizi direla. Sarearen Batzorde Iraunkorraren kidea den Jesús Garciak nabarmendu duenez “2018 arte jasandako hazkundeak bereziki eragiten die etxebizitza-gastuak behar bezala ordaindu ezin dituzten herritarrei, haien etxea tenperatura egokian mantentzeko berogailua piztu ezin dutenei eta ustekabekoei aurre egin ezin dietenei”.
Datu horiek kontuan hartuta, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sareak azpimarratzen duenez “ongizatearen galera ez zaio soilik krisiari zor, baizik eta krisiari eusteko nahikoa eraginkorrak izan ez direla, ez behintzat denentzat, argi geratu den politikei ere bai”.
Halaber, jarduketa-ildoak premiazkoak direla nabarmentzen dute, bereziki gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen lan-baldintzak hobetzeari eta etxebizitza eskuratu eta mantentzeari buruzkoak direnak. Horiek dira agenda politikoan lehentasunezkoak izan beharko luketen gai nagusiak.
Oroitarazten dute beharrezkoa dela Nafarroa garatzeko estrategiak Agenda 2030* delakoarekin eta berriro ere ez betetzea ekiditeko ezartzen dituen Garapen Iraunkorrerako 17 Xedeekin lerrokatzen jarraitzea.
Azkenik, berriro ere parlamentu-taldeei konpromisoa eskatu diete legegintzaldi honetan honakoak lor daitezen lan egiteko: “2018ko datuen arabera, Nafarroan pobrezia eta bazterketa arriskuan dauden (AROPE) 81.000 pertsona-kopurua % 50 murriztea gutxienez, eta Nafarroan pobrezia larria egoera deuseztatzea, 2018an 12.000 pertsonakoa zena”.
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Legebiltzarrak Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren kontrako Nafarroako Sarearekin duen “konpromisoa irmoa” nabarmendu du, eta azken urtetan pobrezia eta gizarte bazterketa “murrizteko” martxan jarritako politikak azpimarratu ditu. “Estatuaren gainerako lurraldeekin alderatuz, Nafarroaren egoera beti hobea izan da, baina Europako beste leku batzuei begira lanean jarraitu behar dugu”.
Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren kontrako Nafarroako Sarea 1994an sortu zen irabazi asmorik gabeko gizarte entitateen elkarte horizontal bezala pobreziaren eta gizarte bazterkeria desagerraraztea elkarrekin lantzeko. 22 gizarte entitatez osatu zen, eta gaur egun 30 erakunde sozialez osatuta dago, eta zubi lana egiten du entitateen, erakundeen eta pertsonen artean.
Archivos adjuntos