Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Maiatzak 22

PPNren mozio bat baztertu da, Gobernu zentrala premiatzen zuena zentral nuklearrak ixteko egutegia berrikus dezan

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek errefusatu egin dute itzalaldia erabiltzea sistemaren sendotasuna zalantzan jartzeko eta nuklearrak epe ertain eta luzerako energia-plangintzan sartzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldekoekin. Mozioak proposatzen zuen “balizko kontingentzien aurrean sistemaren erresilientzia bermatuko duen «mix energetiko» orekatu bat bultzatzea, Iberiar Penintsulari berriki eragin zion itzalaldia kontuan hartuta, argi baitago iraunkortasuna, eraginkortasuna eta segurtasuna uztartzen dituen logika baten arabera diseinatu behar dela energia-sistema”.

 

Baztertu den mozioak bigarren atalean proposatzen zuen Parlamentuak “publikoki aitortzea energia nuklearrak funtsezko zeregina duela hornidura elektriko seguru eta egonkorra bermatzeko”.

 

Aldi berean, Espainiako Gobernua premiatzen zen “nuklearrak ixteko egutegia berrikus dezan, berriki izandako gertaerak eta herriaren energia-beharrak ikusita”.

 

Laugarren atalean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari eskatzen zitzaion “energia nuklearra sar dezan epe ertain eta luzerako energia-plangintzaren zati aktibo gisa, energia berriztagarriekin batera”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentua premiatzen zen “ikerketan, berrikuntzan eta egungo parke nuklearraren mantentzean inbertitzea babes zezan, bai eta sektoreko profesional berrien prestakuntzan ere”.

 

PPNk sustatu duen mozioaren zioen azalpenak zioen berriki gertatutako itzalaldiak, milioika herritarri eragin zienak, berriro ireki duela “gure energia-ereduaren sendotasunari, egonkortasunari eta erresilientziari buruzko eztabaida, ekonomiaren elektrifikazioa gero handiagoa den eta energia-matrizea deskarbonizatzen ari den testuinguru honetan”.

 

Ildo horretan, argudiatzen zen Espainiak “azpiegitura nuklear finkatua” duela, “segurtasun-estandar altuenen arabera taxutua, eta kualifikazio handiko profesionalak” dituela.