Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Martxoak 26

Premiatzen da 2025-2029 bosturtekoaren oinarri-urtearen negoziazioan ken dadin, Nafarroak bere gain hartu gabeko zama gisa, Estatuak onetsitako zor-kentzea

EH Bilduren ekimena osotu egin dute PSN, Geroa Bai eta Zurekin-ek, zor-presioaren lasaitzea aztertzeko eta Koordinazio Batzordeari errespetua agertzeko, negoziazio-organo den aldetik

Gaurkoan, Ekonomia eta Ogasun Batzordeak erabaki bat onetsi du, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin-ek aldeko boza emanda eta UPN, PPN eta Talde Mistoak aurkako boza emanda,  zeinaren bidez Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuari eskatzen baitio “2025-2029 bosturtekoaren oinarri-urteko negoziazioan, Estatuaren zorren interes eta amortizazio-kuotak Foru Komunitateak bere gain hartu gabeko kargatzat jotzeari dagokionez, horien zenbaketatik kanpo utz daitezela Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak 2025eko otsailaren 26an hartutako erabakiaren ondorioz sortzen ahal diren kopuruak; erabaki horren bidez, onetsi zen Estatuak bere gain hartuko zituela araubide erkideko autonomia-erkidegoen zorraren 83.352 milioi euro, oinarri-urte horretarako zein zorra bere gain hartze horren eraginpean egoten ahal diren urteetarako”.

 

Onetsitako erabakiak badauka bigarren atal bat ere, Geroa Baik aurkezturiko eta ekimenaren egile den EH Bilduk onarturiko gehitze-zuzenketa baten ondoriozkoa, zeinaren bitartez Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen baitu "Ogasun Departamentuak neurri haiek jorra eta proposa ditzan, zeinek zor-presioaren lasaitzea ahalbidetuko baitute eta gure aurrekontu-ahalmena hobetuko baitute; horretarako, aldebikotasunez iritsi beharko dira Nafarroaren eta Estatuaren arteko akordio egokiak".

 

Erabakiari hirugarren puntu bat ere erantsi zaio, PSN eta Zurekin-en gehitze-zuzenketa baten bidez, zeina ekimenaren egile den taldeak onartu egin baitu. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak "Nafarroaren foru-araubidea aldezten eta defendatzen du, eta errespeturik handiena azaltzen dio Koordinazio Batzordeari, Hitzarmen Ekonomikoaren aplikazioan Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren elkarlan egokia bermatzen duen organo bat den aldetik". Erabakiaren atal horrek PPNren aldezpena izan du.

 

Bere aldetik, UPNk bi gehitze-zuzenketa aurkeztu ditu, baina horiek ez ditu onartu ekimen-egile izandako EH Bilduk. Lehenbizikoarekin lortu nahi zen "aurreko paragrafoan aldarrikatzen dena orobat aplikatzekoa izatea Estatuak Nafarroako Foru Komunitatearekiko eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko bere gain hartutako zorraren interesei eta amortizazio-kuotei".

 

Bigarrenak eskatzen zuen Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eska ziezaiola "Estatuarekin negoziatzea, harengandik lortze aldera Nafarroaren zor bizi guztiaren % 26,2 hark bere gain hartzea, 740 bat milioi alegia, araubide erkideko gainerako espainiar autonomia-erkidegoei batez beste aplikatuaren baldintza beretan".

 

Zioen azalpenean, EH Bilduren ekimenezko erabakiak oroitarazten du ezen joan den otsailaren 26an Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak onetsi zuela Estatuak bere gain hartzea araubide erkideko autonomia-erkidegoen zorreko 83.252 milioi euro.

 

Halaber, testuak dio nola Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen 28/1990 Legeko 54. artikuluko 2. apartatuko c) letrak xedatzen duen ezen "edozein kasutan ere, Foru Erkidegoak bere gain hartu gabeko zamatzat joko dir[el]a, besteak beste, (...) Estatuaren zor guztien interesak eta amortizazio-kuotak".

 

Horri dagokionez, 2025 honetan zehar da Estatuarekin negoziatu eta adostu beharrekoa ekarpenaren eguneratzea, bosturtekoaren oinarri-urteari dagokion ekarpen likidoaren zenbatekoa zehazturik.

 

Bilkuraren lehendakari gisa Isabel Aranburu (Geroa Bai t.p.) jardun da, eta halaber bertaratu dira Javier Esparza, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Ángel Ansa, Cristina López (UPN t.p.), Ainhoa Unzu, Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN t.p.), Adolfo Araiz, Laura Aznal (EH Bildu t.p.), Mikel Asiain (Geroa Bai t.p.), Javier García (PPN t.p.), Miguel Garrido (Zurekin Nafarroa t.p.) eta Emilio Jiménez (Talde Mistoa).