Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Urtarrilak 12

Remonte Euskal Jai Berri fundazioak Adanori 10.500 euroko dohaintza bat emateko ekitaldia egin da Nafarroako Parlamentuan

Juríok gizarte-sarearen eta erakundeen arteko lankidetzari eustearen garrantzia azpimarratu du, Covid-aren eragin sozioekonomikoa sektore guztietara iristen den une honetan

Remonte Euskal Jai Berri fundazioak  Nafarroako Haur Minbizidunen Elkarteari (Adano) dohaintza bat emateko ekitaldia egin da gaur Nafarroako Parlamentuan. Pandemiaren eragin sozio-ekonomikoak sektore guztiak kaltetzen dituen une hauetan elkarte-sarearen elkartasun-lana aitortzeko sortutako ekitaldia izan da.

 

Hala berretsi du Inma Jurío Parlamentuko lehen lehendakariordeak, eta ohartarazi du “oso garrantzitsua” dela erakundeen arteko lankidetzari eustea, “guztien artean Nafarroa hobea eraikitzen jarraitzeko. Gaurkoan Remonte Fundazioarentzat da protagonismoa, modalitate bat berreskuratzeko jaiotako elkarte honek hainbat herritan banatutako eskoletan haurrak trebatzen baititu. Baita Adanorentzat ere, zeina minbizia duten adingabeekin egiten duen lan garrantzitsuan murgilduta baitago. Eskerrik asko”.

 

Ondoren, Alfredo Arruizek eta Jaime Aguirrek, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioko lehendakari eta zuzendari gerenteak, hurrenez hurren, eskerrak eman dizkiete Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari proiektuari emandako babesagatik. Izan ere, “kirol arlokoa izan arren, alderdi soziala ere badu, minbizia duten umeentzako laguntza honetan islatzen dena”.

 

“2021ean txapelketak antolatuz bildu ditugun 10.500 euroak Adanori emateak ematen digun poza zuekin partekatu nahi dugu. Covid-aren pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, gure lankidetza-ekintzekin jarraitzea lortu dugu. Adanok bere lan ordainezina aurrera eraman dezan gure laguntza eskaintzea sekulako poztasuna da”, adierazi dute Arruizek eta Aguirrek.

 

Ondoren, Merche Almiñanak, ADANOko lehendakari ohiak, Remonte Fundazioaren inplikazioa eskertu du, baita haurren minbiziaren arazoarekiko Parlamentuaren “sentsibilitatea” ere, eta, ondorioz, erakunde publikoena, kasu honetan kulturaren eta kirolaren ikuspegitik.

 

“Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak baliabide ekonomikoak ez ezik, baldintzarik gabeko laguntza ere eman digu, minbizia duten haurren eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten programak eta jarduerak garatzen jarraitu ahal izateko. Legebiltzarrarengan konfiantza jartzen dugu pertsona hauek gaixotasuna eta honek dakartzan ondorioak jasateko behar dituzten baliabideak izan ditzaten. Eskerrik asko guztioi, bihotzez”.

 

Azkenik, Rebeca Esnaolak, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak, Remonte Fundazioaren “konpromiso soziala” eta Adanok haurren minbiziaren arloan egindako ekarpena azpimarratu ditu. Izan ere, gaixotasun honi aurre egiteko “kirolarekin lotutako balioak” ezinbestekoak dira, besteak beste, “konpromisoa eta elkartasuna”, Euskal Jai Berriren ezaugarri bereizgarriak.

 

Ekitaldia amaitzeko, Remonte Fundazioaren eta Adanoren ordezkarien taldeko argazki bat atera da, Mahaia, Eledunen Batzarra eta Eskubide Sozialetako Batzordea osatzen duten kideekin batera. Talde parlamentario guztietako parlamentariek parte hartu dute.