Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Maiatzak 7

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara joandako nafar ordezkaritzak bisita instituzionalarekin jarraitzen du

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetara joandako nafar ordezkaritzak Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteak (ATTsF) koordinatzen duen Garraio Basea bisitatuz hasi zuen bidaia instituzionalaren bigarren eguna. Base horrek elikagaiak banatzeko ibilgailuak momentu oro eskuragarri izatea bermatzen dio Saharako Ilargi Gorriari.

 

Proiektua Nafarroako Gobernuaren, ECHOren, ACNURen eta Iruñeko Udalaren laguntzekin finantzatzen da. Unai Hualde Parlamentuko Lehendakariak ATTsF elkartea Tindoufen egiten ari den lana goraipatu du, "baliabideak optimizatzeko, esperientziak partekatzeko eta pertsonak trebatzeko mekanika, elektrizitatea edo birziklatzea bezalako adar garrantzitsuetan".

 

Hualdek ohartarazi duenez, "Saharako kanpamenduetan errefuxiatuen bizi-kalitatea hobetzeko laguntzekin Nafarroako erakundeak erakusten ari dira Sahararekin inplikatuta daudela".

 

Jarraian, Nafarroako ordezkaritzak Rabunin dagoen Saharako Erresistentziaren Museoa bisitatu du. Saharar herriaren historia ezagutu dute bertan, Sahara okupatu zutenetik jasan eta pairatzen dutena, baita Marokoren aldetik eta beste herrialde batzuen konplizitatearekin jasan duten sarraski-saiakera ere.

 

Carlos Guzmán Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren koordinatzaileak adierazi duenez, "Espainiako Gobernuak hartzen dituen erabakiez gain, Nafarroako Parlamentuak eta gizarteak beti eman diote babesa eta konpromisoa saharar herriari. Nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak errespetatu behar dira, eta saharar herriarentzat hori aldarrikatu behar da".

 

Arratsaldean, ordezkaritzak ANARASDen Aminetu Aidar Zentro Pedagogikoa bisitatu du. Zentroaren helburua Saharako hezkuntza-sistema indartzea da, Saharako haurrentzako baliabide, dokumentazio eta testuliburuak bilduz.

 

ANARASDeko Charo Pardok azaldu dio proiektua taldeari eta eskerrak eman ditu Nafarroako Gobernuak eta Berriozarko Udalak zentroa martxan jarri zenean emandako babesagatik, eta ondoren Nafarroako beste toki entitate batzuek ere bat egin dutelako.

 

Ondoren, Saharako Kontseilu Nazionala bisitatu dute, Saharako Parlamentua, eta Hamma Salama presidentearekin bildu dira. Parlamentuaren funtzionamendua azaldu du, baita Hezkuntza, Osasun eta Zerbitzuetako errefuxiatu-eremuak hornitzeko dituen helburuak ere, bai eta Espainiako Gobernuari egindako eskaerak ere, Nazio Batuen Erakundeak gatazkaren konponbiderako dituen jarreretara itzultzeko, eta eskerrak eman dizkie Nafarroako erakundeei eta gizarteari, beti izan baita solidarioa Saharar herriarekin.