Sodenari Dynamobel SA bi milioi euroko abal baten bidez finantzatzeko baimena ematen dion foru legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko urriaren 23an
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Sodenari Dynamobel SA bi milioi euroko abal baten bidez finantzatzeko baimena ematen dion foru legea onetsi du gaur. UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta Talde Mistoak alde bozkatu dute, eta PPN eta atxiki gabeko parlamentaria abstenitu egin dira.
Eragiketa gauzatzeko baldintza gisa, gainerako bazkideek beste milioi bat euroko ekarpena egin beharko dute, partaidetzako maileguaren eran.
Adierazten denez, babes ekonomikoak "konpainiak (bulegoko altzariak fabrikatzea eta merkaturatzen ditu) Azkoien eskualdean duen eragin sozioekonomiko handiari (ehun langile baino gehiago)" eta "familia sortzailearen konpromiso historikoari" erantzuten dio.
Abal horren jatorria Nafarroako Parlamentuak 2024ko maiatzaren 23an onetsitako Foru Legean dago, baina adostutako negozio-plana ez zenez bete, ez zen formalizatu. Sodenak 2018az geroztik parte hartzen du Dynamobelen kapitalaren % 38arekin, eta 2024ko abenduaren 20an kendu zuen bermea.
Eskari honen babesleku dira Nafarroako 2025erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 26ko Foru Legea eta Nafarroako Gobernuaren 2025eko apirilaren 16ko Erabakia, zeinaren bidez Sodenari baimena ematen baitzaio 2025ean abalak emateko, 20.000.000 eurokoak gehienez, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 26/2007 Foru Legearen 82. artikuluan ezarritakoarekin bat.
Sodena (Nafarroaren Garapen Sozietatea) Nafarroako Gobernuaren laguntza finantzariorako tresna da, balio erantsia duten enpresa proiektuak Nafarroako Foru Komunitatera erakartzeko eta garatzeko, eta, horretaz gain, espezializazio adimentsuaren estrategian ere laguntzen du.
Sodena sozietate mugatua da, bazkide bakarrekoa: Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa.
Irakurketa bakarreko prozeduraren bidez izapidetu ondoren, foru-legeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (121. NPAO, 2024-10-14koa) argitaratua