Superabiteko 77,5 milioiak Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Planera bideratzeko Nafarroak duen eskubidea aldarrikatu du Parlamentuak
Estatuko Gobernuaren jarrera “politikoki onartezina” dela esaten da, eta Gobernua premiatzen da Nafarroaren ekonomia- nahiz finantza-eskumenak defenda ditzan
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Oran Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berresten du “Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketaren eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren aurka dagoela, eta horiek indargabetzea exijitzen du”.
Bigarren atalean, Legebiltzarrak “zeharo errefusatzen du Estatuko Gobernuak daukan jarrera, modu zurrun eta murriztailean interpretatzen baitu aurrekontu egonkortasunari buruzko araudia eta ez baitu uzten Nafarroak 2017ko aurrekontu orokorretatik heldu den superabiteko 77,5 milioi euroak baliatu ahal izatea”. PSNren babesik gabe onetsi da epigrafe hau.
Hirugarren atalean Nafarroako Parlamentuak dio “Nafarroak eskubidea duela, ekonomia- nahiz finantza-eskumenak baliatuz, superabit horretako 77,5 milioi euroak Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana onesten duen urriaren 10eko 19/2018 Foru Legean jasotako inbertsioen gastua egitera bideratzeko”. PSN abstenitu egin da.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “arestiko puntu horiek Estatuko Gobernuaren aitzinean defenda ditzan eta protesta egin dezan Nafarroari eskumen horiek baliatu ahal izatea eragozten dion murrizketa dela-eta”. PSN abstenitu egin da.
Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeak aldatzeko lau zuzenketa aurkeztu ditu, onetsi ez direnak. Hauekin “Nafarroako Gobernuaren gaitzespena adierazi nahi zuten aurrekontuen egonkortasunaren araudiaren ezarpena inplikatzen duten ekimenekiko”, eta Foru Gobernuaren jarrera zalantzan jartzen zen “Gobernu zentralaren interpretazio murritzailea onartzeagatik eta 77,5 milioiak erabiltzeko bere zerga autonomia ez erabiltzeagatik”.
Zioen azalpenean, EH Bilduk sustatutako mozioak “Nafarroaren ekonomia eta finantza-eskumenak defendatzeko” deia luzatzen du, “Estatuko Gobernuak Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen 116. xedapen gehigarriari eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko irakurketa murriztaileena egin duenez”, Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Goru Legearen 77,5 milioiak exekutatu ahal izateko, hasiera batean 113 milioi ziren arren.
Sustatzaileak Estatuaren jarrera “politikoki onartezina” dela dio, eta “Nafarroak bere baliabide ekonomikoen gainean duen kudeaketa-ahalmenari ezarri nahiz zaizkion mugak” gaitzetsi ditu. “Gastu-mugatze horrek zeharo moztu du, termino politikoetan, osasuneko, hezkuntzako, kulturako, garapen ekonomikoko eta enparauetako inbertsio-beharrizanei erantzuteko aukera”.
-
Mozioa (19. NPAO, 2019-02-14)