Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Urriak 25

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen aldaketa

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko urriaren 25ean

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur aho batez.

 

Gobernuak aurkeztutako foru legearen xedea da Iruñerriko Mankomunitateko udalak baterako taxi zerbitzurako lurralde eremuan sartu ahal izatea, 9/2005 Foru Legeak ez baitzituen eremu horretan sartu. Araua indarrean jartzen denetik hiru hilabeteko epea izanen dute sarrera eskatzeko.

 

Horretarako nahikoa izanen da udalaren osoko bilkuraren erabakia Mankomunitateak berrestea, ezarritako baldintzak betetzen ote diren aztertu ondoren, eta Nafarroako Gobernuari igortzea. Gobernuak sarrera onetsiko du “eta ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Taxi Kontseiluaren txostena”.

 

Horrelakoetan, azaltzen denez, lizentziak “eskualdaezinak izanen dira eta berez iraungiko dira titularrak uko egin, erretiroa hartu edo hilez gero, baita taxi lanetan aritzeko ezintasun iraunkorreko deklarazioa egiten den kasuetan ere”.

 

Hiru hilabeteko epe hori amaitzen denean, hortik aurrerako eskaerak 9/2005 Foru Legean ezarritako prozedura arruntaren bidez izapidetuko dira. Hala, Nafarroako Gobernuaren esku egonen da sarrera onartzea, garraioen arloko eskumena duen departamentuaren proposamenez, Nafarroako Taxi Kontseiluak txostena eman ondoren.

 

Arau orokor gisa, halaber, taxi lizentziak eskualdatu ahal izanen dira udalaren baimena edo baterako zerbitzurako lurralde eremuan eskumena duen toki entitatearen baimena izanez gero. Betiere, beharrezkoa izanen da eskualdatzailea “egunean egotea jarduerarekin loturik dauden tributuen ordainketan, bai eta, hala badagokio, isunak ordainduak izatea ere, administrazio bidea amaitzen duen ebazpen baten bidez ezarriak badira”.

 

Era berean, ezingo dira taxi lizentziak transferitu titulartasuna ez badira bi urte baino gehiago pasa titulartasuna lortzetik. Eta lizentzia transferitzen duten pertsonek, ezin izango dute titular izan bost urte pasa baino lehen. Bi neurri hauek geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeek aurkeztu dituzte eta onartuak izan dira.

 

Bestalde, gehienez bi urteko epean, heriotz eta erretiro kasuetan lizentzia langile kontratatuen bidez erabiltzeko aukera ematen da. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen zuzenketa izan da eta I-Ek babestu du. PSN abstenitu da eta UPN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra aldatu ahal izateko, mugikortasunaren eta egoera sozioekonomikoaren gaineko azterketa egin beharko da, eta erreferentziazko eremu geografikoa, txosten horren ondorioetarako, lurralde antolamenduko tresnetan zehaztutakoa izanen da, baita Nafarroako Toki Administrazioaren gaineko araudian ezarritakoa ere, hala badagokio.

 

Eskaintza handitzeko asmotan, gehienez bederatzi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak eta baimenak, gidariaren eserlekua barne dela. Gaur egun bi eserleku gutxiago baimentzen dira, irisgarritasun egoerak kontuan hartuz eta eremuko ezaugarri geografikoak aintzat hartuz. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen zuzenketa UPN eta I-Eren babesarekin onetsi da, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Hitzarmenei dagokienez, ordainketa web edo mugikorrez egitea zilegi izango da. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Baterako zerbitzurako lurralde eremu batean sartzen den udalerri batean taxi lizentziaren titular diren pertsona fisikoek ofizioz lortuko dute taxi gidari profesionalaren baimena, baldin eta eremu horretan eskumena duen toki entitateak baimen hori edukitzea eskatzen badu.

 

Ibilgailuak berritzeari dagokionez eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen bi zuzenketen ondorioz, legeak 8 urtetik 10 urtera luzatzen du taxi lizentzia eta baimenei atxikitako ibilgailuak ordeztu beharra dakarren antzinatasuna, baina, lehen bezala, epe hori beste bi urtez luzatu ahalko da, kasuan kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, garraio publikorako beharrezkoak diren osasungarritasun- eta segurtasun-baldintzak betetzen badira. Eco-taxi eta eurotaxi ezaugarria duten ibilgailuen bizitza ere 10 urtetik 12ra luzatzen da. Bi aldaketa hauek aho batez onetsi dira.

 

Argudiatzen da lehen matrikulaziotik gehienezko antzinatasuna murrizteak “diskriminazio egoerak sor ditzakeela ibilgailuaren titularraren gaitasun ekonomikoari dagokionez”. Gainera, “Erkidego gehienetan muga 10 urtetan ezarrita dago, eta beste batzuetan, Euskal Autonomi Erkidegoan edo Andaluzian esaterako, epea zehaztu gabe dago, beti ere baldintza batzuk betetzen diren bitartean”.

 

Testuinguru horretan, eta taxi zerbitzuaren efizientzia energetikoa hobetze aldera, ibilgailuen flota ibilgailu jasangarriekin berritu ahal izateko neurri batzuk ezartzen dira.

 

Zehazki, udala edo baterako zerbitzurako lurralde eremuan eskumena duen toki entitatea 20.000 biztanletik gorakoa bada, bermatu beharko du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera taxi lizentziei atxikitzen zaizkien ibilgailuek zero emisio edo Eco ingurumen-adierazgarria dutela Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroaren sailkapenaren arabera. Eurotaxi ibilgailuak salbuetsiko dira.

 

Xede horrekin, Eco taxi ibilgailuak heda daitezen, horrelakoak sustatzeko eta laguntzak emateko programak ezarriko dira. Tartean, UPNk aurkeztutako eta aho batez onetsi den zuzenketa baten bidez, “ibilgailu elektrikoen edo gutxiago kutsatzen dutenen sustapena”, edo “kalean kargatzeko puntu ugariren instalazioa, zerbitzu guneak eta erabilera publiko edo pribatuko aparkalekuak”.

 

Zehapenen atalean, espresuki debekatzen da zilegi ez den publizitate oro, eta udalei edo eskumena duten toki entitateei ahalmena ematen zaie arauz kontrako iragarki oro kentzeko ibilgailuetatik. Errekerimendua betetzen ez bada, egunero 60 euroko hertsapen-isuna jarri ahalko da (egindako arau-haustearen ondoriozko zehapenarekin bateragarria).

 

PSNren abstentzioarekin aurrera atera den UPNren zuzenketa baten bidez, zehazten da proskripzioak propaganda “sexistari edo pertsonaren nortasunaren aurka egiten duenari” eragingo diola, edo “Konstituzioan aitortzen diren eskubide edo baloreak urratzen dituztenei, baita prostituzioarekin harremana duenari, edo alkohola eta tabakoaren kasuan bezala osasun fisiko edo mentalarentzat kaltegarriak diren produktuak kontsumitzera dei egiten dutenei”.

 

Taxi zerbitzua antolatu eta koordinatzeko arauei dagokienez, xedatzen da toki entitateak saiatuko direla ahalik eta gehien hedatzen, batez ere bide digitaletatik, zerbitzuaren ituntze-sistema, ordutegi, egutegi, atsedenaldi eta oporraldiekin zerikusia duen informazioa, betiere taxi zerbitzua jarraitutasunez emanen dela bilatuz.

 

Administrazioen arteko lankidetzaren arloan, legeak erraztu egiten ditu taxi zerbitzu hobea eta eraginkorragoa ematea helburu duten akordioak lortzeko prozedurak. Hartara, eskariaren ezaugarriak direla-eta udalez gaindiko planeamendua behar den tokietan, zilegi izanen da baterako zerbitzurako lurralde eremuak ezartzea.

 

Era berean, baterako zerbitzurako lurralde eremu bat mugatzeko, kontuan hartuko da udalerri eskatzaileak udalez gaindiko entitate bateko partaideak izatea, zeinak bere gain hartuko baitu 50. artikuluan adierazitako eskumena eta araubide ekonomikoa.

 

Hiriko taxi zerbitzua arautu eta antolatzeko eskumenak Iruñerriko Mankomunitatea ez den beste udalez gaindiko entitateren batek hartzen baditu bere gain, baterako zerbitzurako lurralde eremuak entitate horien lurralde esparruetara egokitu beharko dira.

 

Taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremura udalerri bat sartzen denetik urtebetera, dagokion toki entitateak ikerketa bat egin beharko du eskaintza-eskariaren egoerari buruz, estaldura-mailari buruz eta erabiltzaileen asetze-mailari buruz. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen zuzenketak ezartzen du hau eta aho batez onetsia izan da.

 

Taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremua egokitu egingo da kasu eta momentu bakoitzean Toki Administrazioaren araudiaren zonifikazioaren arabera, UPNren zuzenketak ezartzen duen bezala.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan 19 zuzenketa gehitu dira, eta horietatik 12 onetsi dira, horietako bi Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeak aurkeztuak, 3 UPNk aurkeztuak, PSNren 1 eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen 6.